Epe luzeko begirada, kirolariak zaintzeko

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 26a, 10:18
Amaia Andresek zuzentzen du LOKEko atletismoko atala. Ongi ezagutzen du eliteko kirola, eta arreta berezia jartzen dio harrobiari: "Hezkuntzaren atal bat da kirola, eta atletismoaren balioak erakustea dagokigu guri". Igandean krosean arituko dira haurrak

Neguko arratsalde hotza da. Euria ari du, eta Michelin kirolguneko atletismoko zonaldea bustia dago. Baina hori ez da aitzakia entrenamenduari muzin egiteko. Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea LOKE atletismoko entrenatzaileek gaztetxoen ariketak zuzentzen dituzte. Pisu jaurtiketa, lasterketa motzak, jauziak... Denetatik egiten dute haurrek. "Atletismoa ez da bakarrik korri egitea. Kirol asko dira bakar baten barruan. Neska-mutil guztiek jakin behar dute hesiak gainditzen, luzera jauziak egiten...", azaldu du Andresek. Asteburu erakargarria dute aurretik LOKEko atletek.  Larunbatean Konbinatuen Gipuzkoako Txapelketa dute, eta, igandean, berriz, Nazioarteko Krosean aterako dira. "Ez dugu krosa entrenatzen, baina herriko lasterketa denez, tradizioz egiten dugu urtero". 10:00etan hasiko da haien lasterketa. 

LOKEko atletismoko adarra osatzen dute 80 bat pertsonak. Gehienak gaztetxoak dira. "Piramide moduko bat da. Benjamin eta infantil mailan daude gehienak, eta gero, federatu ahala, gutxitzen doa kopurua. Baina, oro har, atletismoan gertatzen da hori, ez bakarrik hemen". 

Eskarmentu handiko entrenatzailea da Andres, goi mailako atleta izandakoa; beasaindarrak 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetan lehiatu zuen. Egun Gipuzkoako Atletismo Federazioko presidente da. Horregatik, ondo baino hobeto daki harrobia zaindu behar dela. "Haurrek atletismoa ezagutu behar dute, jokoen bidez. Modalitate asko daude, eta arauak barneratu behar dituzte pixkanaka-pixkanaka". "Ezkerrarekin zein eskuinarekin jaurtitzen ikasi behar dute, jauzi baliogabe bat noiz den jakin, alor teknikoak barneratu... Txikienek apenas egiten dute korri, egun osoan nahikoa egiten dute eta". Gainera, lasterka ongi egiten ikasi beharreko kontua da. "Behar bezala egiten baduzu korri, eraginkorragoa izango zara, azkarragoa. Eta lesioak saihestuko dituzu".

Adin tarte horretan lehia bigarren maila batean uzten dute. "Guretzat Eskola Kirola gaztetxoaren hezkuntzaren beste atal bat da. Modu global batean hezi behar ditugu, eta guri dagokiguna da kirolaren barruan atletismoaren baloreak erakustea: errespetua, sakrifizioa, adiskidetasuna… Eta noski, ongi pasa dezatela". 

Geroago hasten dira modalitatea aukeratzen, 14 edo 15 urterekin. "Zer trebezia erakusten dituzten arabera, proba batera edo bestera bideratzen ditugu. Gaitasun aerobikoa badute, arnas luzeko probetara; abilak badira, hesiak saltatzera; gorpuzkeraren arabera ere hobeak izan daitezke proba batzuetan…". 

Atletismoaren erroetara
Michelinen atletismorako ezarritako gunean entrenatzen dute. Eskerrak ematen dizkio Andresek multinazionalari, instalazioak udalerriaren esku uzteagatik. Halere, bertaratzen den edonork ikus dezake ez daudela guztiz egokituak; pista homologaturik ez du, 110 metroko zuzenki bat besterik ez. Jaurtiketak egiteko gunea estalita dago, baina sare bat du. "Soilik teknika landu dezakegu, ezin dira jaurtiketak neurtu". Pertika eta altura jauzia egiteko tokia badute. Eguraldi oso txarra egiten duenean frontoian sartu behar dira. Halere, "oso harro" dago Andres, baldintza horietan Espainiako txapeldunak atera direlako. "Nolabait atletismoaren erroetara itzuli gara". 

Eskolartekoek ez dituzte serie luzeak egiten, baina federatuek ez dute horretarako aukerarik Michelinen. Ibaiaz bestalderako zuzenkian, Zubietako bidean, egiten dituzte. "Neurtua ditugu farola batetik bestera dagoen distantzia. Afrikan bezalaxe, guk ere gure baliabideak ditugu. 17 urte daramatzagu hemen Oscarrek eta biok, eta gauzak egin daitezke". 

Atletismoko denboraldia bi zatitan banatzen da. Estalitako pista eta kroseko garaia izaten da udazken eta negu partean. "Normalean eskolartekoekin Donostiako belodromora joaten gara lehiatzera". Martxoaz geroztik aire libreko txapelketak hasten dira. "Donostialdetik kanpo mugitzen gara orduan gaztetxoekin". Federatuek kasik urte osoan lehiatzen dute, abuztura arte. 

Eskola Kiroleko garaia bukatzean hasten dute benetako lehia. Kronometroak eskuetan, atletak urtetik urtera markak hobetzea bilatzen du Andresek. Baina eliteko kirola gertutik ezagutzen du, eta badaki zuhur jokatu behar duela. "Ez ditugu erre behar. Nik ez du Espainiako txapeldunik nahi 15 urterekin. Epe luzerako prozesu bat da".