Eguraldiak zapuztu du Fernandezen estreinaldia

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 15a, 10:18

Enara Fernandez eskiatzaileak lehen aldiz lehiatu du Europako txapelketa batean, Austrian. Halere, eguraldi kaskarra dela-eta lehiaketaren zati handi bat bertan behera utzi dute. 2019ko Munduko Txapelketa buruan, esperientzia pilatzea du helburu

Lehen aldia zen Enara Fernandez Campok Europan lehiatzen zuela. Espainian egiten dituen txapelketetan ez du aurkaririk gazte eskiatzaileak, eta proba egokia zuen joan den asteburukoa, bere maila Europako eskiatzaile zailduenekin alderatzeko. Hilaren 5ean abiatu zen Pitztal glaziarrera, Austriako Alpeetara, Tirolera. Entrenatzen eman zituen hiru egun, bere itsu-gidariarekin, Miren Andonegi donostiarrarekin batera. Baina txapelketa hasi zenerako, larunbaterako, eguraldi txarrak astindu zuen ingurua eta bertan behera utzi behar izan zuten. Igandean eguraldiak soilik txanda bakarra utzi zuen jokatzen.

Halere, Fernandez ez da esku hutsik itzuli Lasarte-Oriara. "Asko ikasi du esperientzia horretan", azaldu dio Txintxarri-ri Mari Carmen Campok, eskiatzaile gaztearen amak. Beste kirolariak ezagutzeaz gainera, paisaia "ikusgarrietan" eskiatu ahal izan du Fernandezek. Proba baliagarria izan zaio aurrera begira. Izan ere, 2019ko Munduko Txapelketa begiz jota du lasarteoriatarrak. "Suitzan jokatuko da. Hurrengo urtean eraman nahi zuten Neguko Joko Paraolinpiarretara, baina gazteegia da oraindik". 16 urte urte ditu. 

Txapelketetan bat egin behar dute Fernandezek eta Andonegi gidariak, ahalik eta azkarren  jaisteko, biretan akatsik egin gabe. Horretarako, kaskoan mikrofonoak eta aurikularrak dituzte, eta argibideak ematen dizkio Andonegik. Horrez gainera, kolore biziko peto bat darama, eta horrela, Fernandezek nondik jaitsi behar duen antzematen du.

Pirinioetan egiten dituzten txapelketetan emaitza oso onak lortu ohi ditu Fernandezek. Entrenatzera ere inguru horretara joan behar du, elurraren bila. Amak laguntzen du beti bidaia horietan. "Udaran Suitzara joaten gara ere, han entrenatu dezan". Horregatik zen proba interesgarria Europako txapelketako estreinaldia. "Toki horietan etxean bertan dute elurra, eta egunero entrenatu ahal dute. Noski, maila oso altua dute. Gainera 20 urtetik gora izaten dute gehienek, eta Enara baino zaharragoak dira”. 

Edonola ere, Campok ez du presarik alabak lehiatu dezan. "Izango du denbora, orain ikasketak dira lehentasuna". Hurrengo bidaia bitartean, eta inguruko mendiak berriz ere elurtu zain, patinak eta gimnasioa du Fernandezek sasoia ez galtzeko entrenamenduak.