Kirolaz gozatzen, hemezortzigarrenez

Iñigo Gonzalez Sarobe 2018ko urr. 28a, 15:03

Ehunka gaztetxok gozatu dute Kros Txikiaz gaur. Eguraldiak gehiegi lagundu ez duen arren, Geltoki kalea korrikalariz eta herritarrez beteta egon da, duela hemezortzi urtetik gertatzen den bezala

Ahaztu markak, denborak, aurrenekoak eta azkenak. Geratu neska-mutilen irribarreekin, eta kirolaz gozatzeko daukaten gogoarekin. 2001etik urtero-urtero gertatzen den bezala, ehunka umek parte hartu dute Kros Txikian, Ostadar Inklusioko hainbat kirolarirekin batera. Gazteenek beste lezio bat eman digute helduoi. Eredu dira.

Infantilak atera dira aurrena. Okendo plazako helmugatik irten, Hipodromo Etorbideko aurreneko bihurgunea hartu, eta Geltoki kalea zeharkatu dute. Bi buelta eman dituzte helmugaratu aurretik. Kadeteek ere ibilbide hori egin dute. Ondoren, 2013an jaiotakoen txanda izan da. Etxeko txikienek Geltoki kalea zeharkatu dute, Okendora arte, lagun eta gurasoen animoek hauspotuta. 2007koak izan dira parte hartzen azkenak.

Helmugaratu eta gero jarraitu dute irribarreek. Maisu eta andereño dira Jalgune elkarteko lagunak horretan. Dominak, edateko jogurta eta gailetak banatu dizkiete guztiei.

Argazki galeria