Donostiarraren trainerilak Federazio Kopa lortu du

martin-vicioso 2017ko mai. 19a, 14:00

Intza Fernandez arraunlari lasarteoriatarra txukun ari da Donostiarra taldean. Gipuzkoako trainerilen txapelketan ezin izan zuten finalera sailkatu, baina Federazio Kopa eskuratu ahal izan zuten igandean

Trainera sasoia hasi aurreko froga guztiak egin dituzte Intza Fernandezek eta Donostiarrak. Mutrikun eduki zuten azken hitzordua: Gipuzkoako trainerila txapelketa. 

Larunbateko sailkatze estropadan ez zuten zorte handirik izan Donostiarrako kuadrilakoek. Lau onenek soilik lortu zezaketen igandeko finalean aritzeko txartela, eta bederatzigarren postuan amaitu zuten.

Igandean, berriz, Federazio Saria jokatu zuten finalean ez zeuden taldeek, eta Donostiarrak bereganatu zuen saria, Zumaia menpean hartu ostean. Zapore gazigozoko txapelketa izan da Intza Fernandez herritarrarentzat. "Guk finalera sailkatu nahi genuen, nahiz eta soberan bagenekien sekulako maila zegoela. Hala ere, Federazio saria irabazi dugu eta oso pozik gaude horrekin".

Koadrila berria da Donostiarrarena, arraunlari gazte askorekin. Izan ere, emakumezkoen kategorian lehen aldiz lehiatzen ari da kluba.

Pixkanaka hobetzen

 

 

Sasoi hasiera ez zen erraza izan Donostiarrako arraunlari gazteentzat. Trainerila Ligako lehen estropadetan atzeko postuetan bukatu zuten.

Hala ere maiatzaren 6ko eta 7ko jardunaldietan, Hondarribian eta Getarian, maila hobea erakutsi zuten, zortzigarren postuan sailkatuz. Garailearengatik minutu inguru batera geratu ziren. Hau da, hasierako jardunaldietako bi minutuko galera dezente hobetu zuen Intza Fernandezen taldeak.

"Asteburu batetik bestera aldaketak egin zituen entrenatzaileak, eperientzia handiagoko arraunlariak traineran sartuz. Beste batzuk ere posizioz aldatu zituen eta, egia esan, hobera egin genuen", dio Fernandezek.

 

Ekainean trainerak

Ekainaren erdialdean hasiko dute trainera denboraldia. Lehenik, Eusko Tren Ligarako  sailkapen estropada jokatuko dute. Lasarteoriatarrak dioenez, "oso zaila" dute bertan egotea. Lau lehenentzako tokia bakarrik dagoela kontuan hartuta, "sekulako maila" dagoela nabarmendu du arraunlariak.

Gipuzkoako Liga jokatuko dute sailkapena eskuratzen ez duten talde horiek. Helburu argia dute donostiarrek: pixkanaka hobetzen joatea. "Gero eta denbora hobeagoak egin nahi ditugu, garaileengandik gertuago amaituz. Denboraldia amaitu nahiko genuke lehiakorragoak izaten", adierazi du Fernandezek.