Dominak sakeletan kabitu ezinik

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 22a, 20:37
Sekulako asteburua osatu dute Buruntzaldea IKTko igerilariek. Nahia Zudaire bikain aritu da Lloret de Marren eta, besteak beste, lau urre eta zilar bat ekarri ditu bueltan herrira. Gipuzkoako Udako txapelketan aritu dira hainbat taldekide; 23 domina kolkoratu dituzte denera

Dominak, ondutako markak eta errekor berriak sakeletan kabitu ezinik dituztela bueltatu dira etxera Buruntzaldea IKTko igerilariak. Sekulako maila eman dute asteburuan lehiatutako txapelketetan. Igeriketa egokituko kluben arteko Espainiakoan aritu da Nahia Zudaire gaztea; lau urre, zilar bat eta absolutu mailako errekor berri bat lortu ditu. Hainbat taldekide Bergaran aritu dira igerian, Gipuzkoako Udako Txapelketan, eta zeresan handia eman dute. 23 domina (zortzi urre, bederatzi zilar eta sei brontze) kolkoratzeaz gain, 11 marka pertsonal ondu eta Espainiako txapelketarako bi gutxieneko berri lortu dituzte. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Katalunia aldean ibili da Zudaire asteburuan. Bost probatan hartu du parte, eta guztietan irabazi du dominaren bat, bere kategorian (S8): lau urre eta zilar bat. Dena dela, absolutu mailan ezarritako errekor berria da azpimarratzekoa. Kronometroa 1:27.06an geratuta, 100 tximeleta probako marka hautsi du. Bilduma zabala dauka pilatua igerilari gazteak; asteburu honetan lortutakoa, eta libre estiloko probako hainbat distantziatakoa: 50, 100, 200, 400 eta 800 metrotakoak, hain justu. Igande honetan Euskal Herriko txapelketan egingo du igeri Zudairek, Gasteizen.

Erronka, hobetzen jarraitzea

Gipuzkoako Udako txapelketan ederki aritu dira Buruntzaldea IKTko beste hainbat taldekide: 23 domina irabazi dituzte, 11 marka pertsonal ondu eta Espainiakoan aritzeko bi gutxieneko poltsikoratu. Hala ere, hobetzen jarraitzea da helburua, Borja Apeztegia entrenatzaileak nabarmentzen duenez: "Euskadiko eta Espainiako txapelketak prestatzen ari dira Gipuzkoakoan aritu diren zazpi igerilarietatik sei; Bergaran egindakoa hobetzen jarraitzea espero dugu".

Albiste onak etengabeak izan ziren Bergaran, bata bestearen atzetik. Onenetako bi Aintzane Sarobe igerilariak eman zituen; Espainiako txapelketan aritzeko gutxienekoak lortu ditu 100 eta 200 libre probetan. 2:15.34ko denbora egin zuen igerialdi luzeenean. Konfiantzaz lepo zegoela baliatuta, 4x100 libre erreleboen proban parte hartzen aurrenekoa izan zen eta, 1:01.86ko denbora puska eginda, aurretik zuen marka bi segundotan ondu zuen, eta Espainiakorako gutxienekoa lortu.

Arestian esan bezala, makina bat domina jantzita bueltatu dira herrira igerilariak. Urrezko lau irabazi zituen Leire Martinek, 100 eta 400 libreetan, 200 bizkarrean eta lau estiloetako 400eko proban. Ainhoa ahizpa 200 bularrean eta lau estiloetako 200ekoan izan zen azkarrena; eta Mikel Esnal seniorra 50 eta 100 tximeleta probak irabazi zituen. Infantil mailako emakumezkoen errelebu taldeak ere primerako txapelketa egin du, 4x100 eta 4x200 libre probetan zilarrezko dominak lortuz. Ainhoa Martinek ere kolkoratu zuen bat, lau estiloetako 400eko proban. Podiumeko hirugarren mailara ere igo ziren Buruntzaldea IKTko hainbat igerilari: infantil mailako emakumezkoen errelebu taldea, 4x100 lau estiloak proban; Mikel Esnal, 50 librean; eta Nerea Santos, 800 librean.