Domina uzta oparoa Gijonen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ots. 5a, 12:30
Sei urrezko domina, hiru marka berri eta absolutu mailako errekor bat. Hori izan da Mikel Esnalek eta Haitz Mitxelenak Gijonen jokatutako XXII. Espainiako Master txapelketaren balantzea. Pasa den asteko ostegunetik igandera bitarte, maila bikaina erakutsi zuten Asturias aldean Burun-tzaldea IKTko bi kideek.

Sasoi puntu ezin hobean daudela berrietsi zuten Buruntzaldea IKTko igerilari Haitz Mitxelenak eta Mikel Esnalek pasa den astean, Gijonen (Asturias) jokatutako XXII. Espainiako Master txapelketan. Master-aurre kategorian (20-24 urte bitartekoenean) aritu ziren biak; jokatu zituzten zortzi probetatik sei irabazi zituzten, absolutu mailako errekor berri bat ezarri eta hiru marka pertsonal ondu. 

Mikel Esnal

Lau probatan igeri egin, eta lauak zakura. %100eko portzentajea. “Forma betean aritu da Esnal; entrenatu ahala gero eta gehiago hobetzen ari da, etengabe, adinak ematen dion heldutasuna ederki baliatuz”, nabarmentzen du Borja Apeztegia prestatzaileak. “Bere probak 50 eta 100 librea dira, baina Gijonen erakutsi du zeresan asko eman dezakeela 50 tximeleta zein bizkarrean”. 

Ostegunean 50 tximeleta proba irabazi zuen, 25''68ko denborarekin marka pertsonal berria eskuratuz. Bigarrenean, 50 librean, haren marka onenetik hamar ehunekotara geratu zen, baina urrezko domina kolkoratu zuen berdin-berdin, 23''57 segundotan geratuz erlojua. Hirugarren egunean hirugarren urrea eskuratu zuen, eta marka berri bat ere bai, 27''14 eginez, 50 bizkar proban. Azkenik, 100 librean, 52''53ko denbora egin zuen.

Haitz Mitxelena 

“Bikain” aritu da Haitz Mitxelena ere, Apeztegiaren esanetan. Urrezko bi domina jantzi ditu, 100 eta 200 tximeleta probetan. “Bere maila onenera gerturatzen ari zela ikusten hasiak ginen Gijonen lehiatu aurretik”, aipatzen du Apeztegiak. Haren aburuz, Mitxelenak “berretsi” egin du inpresio hori: “200 tximeleta proban duela bi urteko erregistroetara bueltatu da; 2'09 minututan egin du igerian Gijonen. Bide ederra darama; joan den asteburuko emaitzek are indar gehiago emango diote”.

100 estiloetan ere aritu zen, eta marka pertsonala egin ere bai: 1'06''11. 

Euskal Herriko Neguko Txapelketa

Buruntzaldea IKTko infantilek eta juniorrek euren kategoriatako Euskal Herriko Neguko Txapelketetan aritu ziren igerian, emaitza bikainak erdietsiz. Bost igerilari aritu ziren bi mailetan; hamalau marka pertsonal eta hiru taldeko errekor berri ezarri zituzten. 
Urrezko eta zilarrezko domina bana jantzi zituen Nahia Jie Villamediana infantilak, 200 eta 100 bizkar probetan, eta marka pertsonala hiru segundotan hobetu zuen 200 estiloetan.

Nahia Zudaire, bikain

Igeriketa egokituko Espainiako txapelketan aritu zen Nahia Zudaire gaztea pasa den asteburuan, Valdemoron (Madril). Bikain aritu zen Buruntzaldea IKTko kidea, Euskal selekzioa ordezkatzen. 

Larunbatean, lehen postua eskuratu zuen 100 librean, 1'32''98ko denbora eginez. 50 tximeletan, berriz, podioko bigarren mailara igo zen, erlojua 51''01 segundotan geratuz.

Igandean 50 bizkar zein libre probetan egin zuen igeri Zudairek: bosgarren eta laugarren postua eskuratu zituen. Ondoren, bi egunetan zehar egindako probak batu zituzten epaileek, sailkapen orokorreko postu eta kideak erabakitzeko: txapeldunorde izan zen Buruntzaldea IKTko gaztetxoa.