Denboraldiko lehenengo hiru puntuak, zakura (2-0)

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko urr. 3a, 19:45
Ezin hobeto ekin dio ligari emakumezkoen erregional mailako Ostadar SKTk, Zarautzi 2-0 irabazita

Ostadar SKT izan zen nagusi joan den igandean, hasi eta buka, eta merezita poltsikoratu zituen denboraldiko lehenengo hiru puntuak. 2-0 irabazi zioten urdin-beltzek Zarautzi.

Iñaki Bueno, Iker Hernando eta Asier Pavonek hartu dute taldea entrenatzeko ardura aurten, eta aurreneko partiduan erakutsi ditu taldeak aurten egiten saiatuko den jokoaren hainbat printza. Esaterako, baloia atzeko lerrotik garbi ateratzea, pazientziarekin, baina beti arerioaren atera begira. Hegaletan aizto zorrotzak dituzte, eta etengabe bilatzen dute defentsen bizkarra. Area ingurura iritsitakoan, erdiratu, ea aurrelariek baloia ate barrura sartzen duten.

Horrela iritsi zen joan den asteburuko partiduko aurreneko gola: Candelak atzean utzi zituen arerio guztiak ezker hegalean, eta Iratik ederki sareratu zuen baloia. Psikologikoa deritzon gol horietako bat izan zen, atsedenaldira joan baino bi minutu lehenago.

Aldageletatik bueltan, neurketa lehenbailehen erabakita uztea zen Ostadarren asmoa. Saiatu ziren, erruz gainera, bigarren zatiko 31. minutuan Uxuek 2-0ekoa sartu zuen arte. 90.era iristeko falta zirenak ongi kudeatu zituzten urdin-beltzek, eta ez zuten apenas sufritu.

Aldaketak taldean 

Lehengo urteko taldearekin alderatuta, hainbat aurpegi berri daude aurten. Luberrin aritutako hainbat jokalari Lasarte-Oriara etorri dira jokatzera; berriak dira entrenatzaileak ere. Goiz da esateko noraino iritsi daitekeen taldea, baina ederki hasi direla ezin uka.