Denboraldiko lehen garaipena lortu du Babyauto Zarautzek

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ira. 26a, 13:32
Eibarren aurkako derbian lortu du Babyauto Zarautzek denboraldiko lehen garaipena: 38-19. Hainbat lasarteoriatar ari dira jokatzen Ohorezko B mailan ari den taldean: Ander eta Xabier Rekondo anaiak eta Adrian Apaolaza

2018/2019 denboraldia porrot batekin hasi eta gero, Astin ez du hutsik egin Babyauto Zarautzek, eta aurreneko garaipena poltsikoratu du, derbi gipuzkoarrean: 39-18 irabazi dio Eibarri. Lan ona egin dute Ander eta Xabier Rekondo anaiek zein Adrian Apaolazak. 

Komeria gehiago izaten ari da Hernani Ohorezko Mailan. Gutxigatik galdu zuen Bartzelonaren aurka estrenaiko partidan (19-12). Pasa den asteburuan ezin izan zuen etxean jokatzeak ematen ohi duen abantailatxoa aprobetxatu, eta Cisnerosek eraman zuen garaipena Landaretik, 6-22. Jon Ander Puertas lasarteoriatarra Hernaniren hamabostekoan ari da aurten ere.

Errugbia Michelinen

Asteburu honetan senior mailako errugbia Michelinera itzuliko da. Euskal Ligan ari den Beltzak Zarautz taldeak Iruña RCrekin neurtuko ditu indarrak larunbatean, 17:30ean. Hainbat lasarteoriatarrek jokatzen dute Babyauto Zarautzen bigarren taldean. 18 eta 16 urtez azpiko taldeak Bizkaia aldera joango dira igandean, Getxo Artea RTren aurka jokatzera. Gaztetxoenak hasiko dira, 10:00etan; 18 urtez azpikoek 11:30ean jokatuko dute.

Bestalde, hainbat urtez Beltzak errugbi taldean jokatzen aritu eta gero, epaile ibilbidean zentratzea erabaki du Jon Ibisate 18 urteko gazteak. Laguntzaile gisa ari da Ohorezko Mailan. Joan den asteburuan Valladolid eta Bartzelonaren aurkako neurketan marrazain lanak egin zituen. 

Hernaniren debuta

Emakumezkoen senior maila asteburu honetan hasiko da. Oihane Puertas, Enara Ramirez eta Paola Vega lasarteoriatarrek Hernani, Txingudi eta Atletico San Sebastian klubek sortutako talde bateratuan jokatuko dute aurten. Getxo Artearen bisita jasoko dute larunbat arratsaldean, Landare zelaian, 16:00etan. Neurketa zaila izango da etxekoentzat, Ohorezko Mailatik jaitsi berriak dira bizkaitarrak.