Datorren sasoirako izen-emate epea ireki du Buruntzaldea IKTk

Txintxarri Aldizkaria 2016ko mai. 25a, 11:30
Buruntzaldea IKTko kideekin batera igerian aritu nahi dutenek eman dezakete jada izena datorren denboraldirako. Entrenamenduak irailaren 12an hasiko dira.

Datorren sasoirako matrikulazio-epea zabaldu du Buruntzaldea IKTk. Hala, datorren urtean eurekin igerian aritu nahi dutenek eman dezakete izena. Lan-saioak irailaren 12an hasiko dituzte. Taldearen web orrialdean bete daiteke orria.

IX. Richard Oribe saria

Zenbait igerilari Infantil, junior eta absolutuk Anoetako Paco Yoldi kiroldegian egin zuten igeri pasa den larunbatean, IX. Richard Oribe sarian. Hiru kategoria horietako hamaika igerilari aritu ziren, maila oso ona erakutsiz: hamahiru marka pertsonal, taldeko bost errekor berri eta erreleboetako bi marka berri ezarri zituzten. Horrez gain, Itsaso Tolosa hirugarren izan zen absolutu mailako sailkapen orokorrean.

Borja Apeztegia prestatzailearen esanetan, "gustura" daude igerilariek txapelketa horretan egindakoarekin: "Udarako txapelketetara begira prestakuntza betean gaude, eta momentu zehatz honi begira, txukun aritu ziren". 

Richard Oribe igerilariak goi mailako lehiaketei agur esan zien larunbateko hitzorduan. 

Benjaminak, bikain

Buruntzaldea IKTko igerilari gaztetxoenek maila bikaina eman zuten Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan, Tolosako Usabal kiroldegian. 'Igerilari osoa' formatukoa izan zen lehiaketa; hau da, neska-mutilek igeriketak dituen lau estiloetan burutu zituzten probak. Oso txukun aritu ziren Buruntzaldea IKT ordezkatu zuten hamasei haurrak.

"Pozik gaude gure haurrek lau estiloetan egindako probekin eta baita lehiaketa osoan zehar izan zuten jarrerarekin ere", zehaztu du Apeztegiak.

Benjaminen hurrengo zita ekainaren 11koa izango da. Egun horretan 'Lasarte-Oriako XXVII. Saria' jokatuko dute. 

Alebinek, 30 domina

Gipuzkoako Eskolarteko XXXII. txapelketaren balantzeak ezin du hobea izan Buruntzaldea IKTko alebinentzat: urrezko hamazazpi domina, zilarrezko bat eta hamabi brontzezko erdietsi zituzten. Horrez gain, Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetara sailkatu dira Paula Sevillano, Leire eta Ainhoa Martin, Unai G. Somovilla eta Lander Sorozabal.

Bestalde, Martin ahizpa biak, Leire -sailkatua zegoen jada- eta Ainhoa Madrilen izango dira, Udarako Espainiako txapelketan. Ainhoak 400 estiloetako proban aritzeko txartela lortu zuen larunbatean, 5.34.,79ko denbora eginez.