Coimbran lehiatu da Eizagirre judoka, Europako Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 30a, 12:33
Brontzea eskuratzeko borrokara sartzeko aukera galdu du kadeteak, eta 7. postua eskuratu du nazioarteko txapelketan

Denboraldi txukuna borobildu du Eneko Eizagirre kadete mailako judokak. Asteburu honetan Coimbran, Portugalen, lehiatu da, Europako Kopan. Bi borrokaldi egin ditu Izagirrek, baina ongi lehiatu arren, ez du garaipenik eskuratu. Halere, Gorka Aristegi Judo LOKEko entrenaitzaileak Txintxarri-ri azaldu dioenez, "pozik eta helburuak beteta" itzuli da judoka. "Eskarmentua irabaztea zen helburua, eta egindakoaz gozatzea". Ez da lehen aldia gazteak nazioarteko txapelketa batean parte hartzen duela; otsailean Europako kadete txapelketan izan zen.
Eric Dos Santos frantziarraren aurka galdu du lehen borroka Eizagirrek. Hurrengoa irabazi izan balu, brontzerako lehian sar zitekeen. Baina Nicolas Diez espainiarraren aurka galdu du aukera.  
Judo LOKE denboraldia ixtear da, eta dagoeneko prestatzen hasiak dira urteroko erakusketa; ekainaren 18an izango da. Halere, oraindik badituzte txapelketak; ekainaren 24an Santanderren (Espainian) lehiatuko dute seniorrek.