Munduko txapelketako finaletik kanpo geratu da Maialen Chourraut

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urr. 1a, 13:24
Lasarte-Oriako piraguistak ezin izan du finala jokatu, finalerdietan ate bat zeharkatu gabe utzi eta epaileek 50 segundoko zigorra ezarri diotelako

Maialen Chourrautek ezin izan du duela bi urte Rio de Janeiron lortutakoa errepikatu. Sasoi onean iritsi da Munduko Txapelketara, baina finaletik kanpo geratu da, azken aurreko jaitsieran ez duelako zeharkatu ate bat; 50 segundoko zigorra ezarri diote epaileek. 

Sailkapen fasean bigarren denbora onena egin zuen herritarrak, eta konfiantzaz beteta ekin zion finalerdiei. Jaitsiera ez zen ona izan, ordea, eta 166.27 segundoko denborarekin (epaileen zigorra barne) 27. postua lortu zuen. Jessica Fox australiarra da txapeldun berria: 109.07 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Mallory Franklinek eta Teresa Fizerovak osatu zuten podiuma.