Buruntzazpiko gazteak saritu ditu federazioak

Txintxarri Aldizkaria 2018ko abe. 21a, 10:35
Pista eta errepideko Espainiako txapelketetan eskuratutako postuengatik saritu dituzte Pozo, Romero, Etxeberria eta Carbayeda txirrindulariak. Azken horrek, gainera, lehen urteko kadeteen Gaztetxoen trofeoko bigarren postua irabazi du

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako lau kide saritu ditu Euskadiko Txirrindularitza Federazioak 2018. urteko jaialdian. Donostiako Amara Plaza Hotelean egin zuten sari banaketa, joan den larunbatean. 
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak Buruntzazpiko Asier Pozo, Jaime Romero, Beñat Carbayeda eta Haimar Etxeberria gazteen jarduna saritu du. Lauak Euskadiko Selekzioarekin lehiatu dute 2018. urteko Espainiako txapelketetan, eta podiumeko lehen postuetan egon dira.
Apirilean Tafallan (Nafarroa) izan zen pistako txapelketan Romerok Espainiako txapela eskuratu zuen Scratch modalitatean. Gainera, Euskadi kadete mailako taldea jazarpen modalitateko irabazle izan zen.  Taldean Romero eta Asier  zeuden.
Uztailean Baños de Molgasen (Ourense) antolatu zuten kadete mailako errepideko txapelketan ere fin ibili ziren Buruntzazpiko gazteak. Taldeko erlojupekoan brontzea lortu zuten Pozok, Carbayedak eta Etxeberriak. Horrez gain, Pozok bakarka errepideko probako brontzea kolkoratu zuen. 
Bestalde, Carbayeda herritarrak sari bat ere eraman zuen etxera, errepideko lehen urteko kadete mailako Gaztetxoen trofeoko bigarren postukoa, hain zuzen ere.