Buruntzaldeko Ibilbiden eguna igandean

Txintxarri Aldizkaria 2015ko urr. 6a, 11:30
Igandean Buruntzaldeko Ibilbiden eguna antolatu dute eskualdeko Udalek. Lasarte-Oriatik Usurbil, Andoain edo Urnietara doazen bideak ezagutzera eman eta herritarrek kirola egin dezaten du helburu ekimenak. Ostadar SKT Mendi Saileko lagunek mendizale eta bazkideei ekimenean parte hartzeko deialdi berezia egiten diete.

Buruntzaldeko Udalek aurten ere eskualdeko Ibilbideen eguna antolatu dute. Lasarte-Oriako Txus Alonso kirol zinegotziaz gain, Iñaki Ugarte Usurbilgo kirol zinegotzia, Ane Karrere Andoaingo alkatea eta Urnietako David Rosco Kirol zinegotzia izan ziren aurkezpenean.

Honetan, Buruntzaldeko Ibilbideen eguna igandean, urriaren 11an, goizeko 9:00etatik 14:00etara aurrera eramango dela jakitera eman zuten.

Aurkezpenean azpimarratu zuten legez, Buruntzaldeko Ibilbideak izeneko proiektuari esker, lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den kirola egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera dago.

Profilak eta distantziak

Eskualdean bidezidor eta bide ezberdinak daude aukeran, bost ibilbide zehazki, landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz.

Herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude, bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zuinak.

Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude: Lasarte-Oria urre zaharra; Urnieta berdea; Usurbil laranja eta Andoain urdina. Era honetara, seinale bat bidean ikusten dugunean zein ibilbidetan gauden jakingo dugu.

Ibilbideak Andoain-Urnieta, Andoain Lasarte-Oria, Andoain-Usurbil, Lasarte-Oria-Urnieta eta Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga dira.

Berrikuntza

Aurten gainera, berrikuntza  bat dago, Andoain-Lasarte-Oria bidean lotura berri bat markatu dute. Hau San Rokeko ermitatik, Buruntzako gailurrera eta Lasarte-Oriaraino doa.

Ostadar SKT Mendi saileko kideek jakitera eman dutenez, "gure gomendioa jarraikiz egin dute eta era honetara, ibilbidea erakargarriagoa da".

Kontrolak eta anoak

Ibilbideen egunean parte hartu nahi dutenek, bere herriko kontrol gunetik hasi behar dute ibilbidea.

Argibideak emateko eta mokaduak eta edatekoak banatzeko herri bakoitzean kontrol une bat egongo da, Usurbilen izan ezik. Bertan bi postu izango dira, bata Santueneako auzoan, Zorrotzeko zubiaren parean eta bestea Aginagan Mapil inguruan.

Andoainen eta Urnietan Udaletxe azpian egongo dira kontrolak eta Lasarte-Orian, berriz, San Pedro eliza ondoko plazan.

Hauetan txartel bat emango zaio, abiatzen den lekuko zigiluarekin eta zigilua jarriko zaio amaitzean ere.

Oparia

Gainera, Buruntzaldeko ibilbideetatik barrena ibiltzeagatik partehartzaileek opariak izango dituzte .

Partaide batek bi ibilbide eginez gero, egunaren oroigarria den gerriko poltsa jasoko du opari. Salbuespenak Andoain-Usurbil eta Andoain-Lasarte-Oria ibilbideak dira, bietako edozein norabidean eginez gero gerriko poltsa lortuko baita.

Autobus zerbitzua

Honetaz gain, partaideek doako autobus zerbitzua izango dute etxera itzultzeko. Autobusak Aginaga, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta ibilbidea egingo du 12:00etatik aurrera. Azken autobusa 14:00etan aterako da Aginagatik eta 14:40ean iritsiko da Urnietara.

Geltokiak Aginagan Ezpaldiko gasolindegian, Usurbilen S. Inazio biribilgunean, Andoainen Goiko plazaren atzealdean, Urnietan Kiosko geltokian eta Lasarte-Orian Dorretxeko biribilgunean dira.

Zerbitzu hau erabiltzeko, derrigor, hasieran jasotako txartela zigilatua aurkeztu behar da.

Deialdia

Ostadar SKT elkarteko Mendi sailak elkarteko mendizale eta bazkideei ekimenean parte hartzeko deialdi berezia egiten die, "aukera ederra baita".