Buruntzaldea IKTko igerilariak bikain Ordiziako Nazioarteko sarian

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 3a, 18:10
Euskadiko bi errekor berri, zazpi marka pertsonal eta taldeko bost errekor ondu dituzte. Leire Martin, Ainhoa Martin, Haitz Mitxelena eta Nahia Zudaire izan ziren lehian.

Eguberrietako Nazioarteko txapelketa izan da Ordiziako Majori kiroldegian, abenduaren 29an eta Buruntzaldea IKTko lau ordezkari izan dira bertan: Leire Martin, Ainhoa Martin, Haitz Mitxelena eta Nahia Zudaire. Guztiak sendo ibili direla aipatu du Borja Apeztegia entrenatzaileak eta horren erakusle lortutako markak dira, bi euskadiko errekor horien artean. 

Goizean sailkapen probak lehiatu dira. Haitz Mitxelenak 50 m. eta 100 m. tximeleta probatan parte hartu du. "Bere onenetik gertu arituz eta bere prestakuntzaren bidean sentsazio onak lortuz," adierazi du Buruntzalde IKTko entrenatzaileak.

Leire Martinek, berriz, finalerako sailkapena lortu du lehiatutako hiru probatan: 50 m. eta 100 m. bizkar eta 200 m. estiloak. Bizkar estiloko bi probatan gainera euskadiko errekorrak hautsi ditu.

Azpimarratzekoa da Ainhoa Martin Euskal Selekzioarekin aritu dela lehian. Ainhoa bere ahizparen antzera hiru probatan aritu da: 50 m. eta 100 m. bular eta 200 m. estiloak. Ez du finaletan sartzerik izan, baina Borja Apeztegiak azpimarratzen duenez: "Bular erako bi markak benetan bikainak diren arren, edizio honetan emakumezkoen bular estiloko probatako maila benetan altua izan dela esan beharra dago eta, horrek, Ainhoaren lana gutxietsi beharrean, benetan oso leku onean uzten du". 

Azkenik, Nahia Zudairek igeriketa egokituko 50 m libre probako sailkapenean bere marka "birrindu du, 36,02rekin aurreko erregistroa bi segundu eta erdian hobetuz era finalerako nagusitasuna nabarmen utziz".

Finalak

Arratsaldeko finaletan, Leire Martinek bosgarren postuan amaitu du 50 metro bizkar proba eta 100 metro bizkar eta 200 estilo probatan laugarren izan da. Emaitzez gain, markak ere kontuan izatekoak dira. 100 metro bizkar eta 200 metro estiloetan Euskadiko 14 urteko errekor berriak ezarri baititu. Honez gain, 50 metro bizkar proban eskuratutako marka 14 urteko eta absolutu mailako taldeko errekor berria da.

Azkenik, Nahia Zudairek bere proban nagusi izatea lortu du, nahiz eta goizean baino "pattalago" egin duen igerian, 36,48 eginaz.