Buruntzaldea IKTko gaztetxoak ederki Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko ots. 5a, 18:30
Buruntzaldea IKTko gaztetxoek lau domin eta marka ederrak erdietsi dituzte Gipuzkoako Eskolarteko XXXIV txapelketan. Honez gain, Ainhoa Martín, Leire Martín eta Paula Sevillano Gipuzkoako selekzioarekin entrenamendua dute otsailaren 10ean, larunbata

Gipuzkoako Eskolarteko XXXIV Txapelketa lehiatu da Azpeitian asteburuan eta Buruntzaldea IKTko 2004 eta 2006 urte arteko hemezortzi gaztetxo izan dira nor baino nor. Urre bat, zilar bat eta bi brontze eskuratu dituzte, baita hainbat marka ondu ere.

“Emaitzetan segituan antzeman da urte hasieratik eginiko lana. Orohar igerilari guztiek lortu dute markak hobetzea, eta hainbat igerilari izan ditugu dominak lortzen edo lortzeko oso gertu geratu direnak”, azpimarratu du Borja Apeztegia entrenatzaileak.

Txapelketa hiru jardunalditan banatu da eta igerilari bakoitzak jardunaldiko proba batean egin du igeri.

Aipagarriak dira, Eneko Elizasuk lortutako bi dominak. 400 metro lau estiloetan txapeldun izan zen eta 200 metro estilo librean brontzezko domina eskuratu zuen. Bi probatan bere marka hobetu zuen.

Nora Imazek 800 metro libre proba “gogorrean” bigarren izan zen 10:48,36 markari esker.  200 metro estiloetan berriz, eskutik ihes egin zion dominak eta laugarren izan zen. Hala ere, bere marka  21 segundotan ondu zuen.

Iker Felipek ere, “emaitza bikaina lortu du” 200 metro lau estilo proban eta brontzezko domina janztea lortu zuen, 2:50,25 marka eginez.

“Dominarik jaso gabe baina benetan bikain aritu ziren gainontzeko taldekide guztiak ere,” adierazi du entrenatzaileak.

Gipuzkoako selekzioaren deia

Bestalde, Ainhoa Martinek, Leire Martinek eta Paula Sevillanok Gipuzkoako selekzioan deia jaso dute.  Larunbatean, otsailaren 10ean, infantil mailako beste igerilari batzuekin entrenamendua dute.