Buruntzaldea IKTko gaztetxoak ederki asteburuan zehar

Txintxarri Aldizkaria 2016ko uzt. 27a, 13:46
Ezin hobeto aritu ziren Buruntzaldea IKTko lau igerilari alebin iragan asteburuan, Madrilen jokatutako Espainiako txapelketan. Zortzi marka pertsonal, Euskadiko bi errekor berri eta taldeko hamahiru errekor berri erdietsi zituzten.

Paula Sevillanok, Unai G. Somovillak eta Martin ahizpek (Leirek eta Ainhoak) ederki ordezkatu zuten Buruntzaldea IKT Madrilen. "Maila honetako txapelketa batean estreinakoz aritu dira, eta urduritasun eta zirrarari eutsiz, bikain aritu dira laurak", adierazi du Borja Apeztegia prestatzaileak.

Leire Martinek erakustaldia eman zuen. 400 estiloetan aritu zen aurrena, ostiral arratsaldean: bosgarren postua eskuratu zuen finalean, 5:23.33ko denbora eginez. Denbora horrekin taldeko absolutu mailako eta 13 urtekoen Euskadiko errekor berri bana ezarri zituen. Larunbatean ere primeran aritu zen 200 bizkar eta estiloetako finaletan, Euskadiko eta taldeko errekorrak hobetuz lehenengoan (2:28.77) eta marka onduz bigarrenean (2:34.59).

Unai G. Somovilla bi probatan aritu zen. 100 bizkar proban 1:11.53ko denbora egin zuen, eta 1:20.67koa bular estilokoan. Bietan 13 urtekoen errekorrak ondu zituen.

Paula Sevillanok 800 libre proba jokatu zuen. "Guretzat ezohikoa den ordutegi batean egin zuen igeri Paulak, 20:30ean, baina hala ere bikain aritu zen", nabarmendu du Apeztegiak. Ez zaio arrazoirik falta: 10:12.29ko denbora eginez, duela hilabete bat egindako marka 12 segundotan hobetu zuen. Gainera, 200 eta 400 metroetako paseetan 13 urteko errekor berriak egin zituen.

Azkenik, Ainhoa Martin 400 estiloak proban aritu zen lehian. "Hasieran, urduritasuna medio, azkarregi egin zuen igeri Ainhoak, timeletako lehen zati bat azkarregi eginez; horrek asko zaildu zion froga, gerora", aipatu du Apeztegiak. Hala ere, 5:42.19ko denbora egin eta 36. izan zen sailkapenean.

Irati Arzalluz, Malagara

Buruntzaldea IKTk ordezkaritza izango du asteburu honetan Malagan jokatuko den infantil mailako Udarako Espainiako txapelketan. Irati Arzalluz gaztea joango da bertara.

Arzalluz bi probatan ariko da: 100 librean ostiralean, eta 50 librean igandean.