Bukatu da Lasarte-Oriako padel txapelketa

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 25a, 21:16
Padelo Kirol Klubak antolatutako III. Padel txapelketako finalak jokatu dira asteburuan. Maria Eugeniak eta Itziarrek irabazi dute emakumezkoen txapelketa; gizonezkoena, Xabik eta Urkok.

Galdu edo irabazi, irribarretsu zeuden padel txapelketako jokalari guztiak larunbatean. Izan ere, oso arrakastatsua izan da aurtengo edizioa. Padelo Kirol Kluba sortu zen iazko abenduan eta hark hartu du kirol ekitaldia prestatzeko ardura. 

Gizonezkoen zein emakumezkoen txapelketen finalak jokatu dira asteburuan, kiroldegi ondoko padel pistan. Maria Eugeniak eta Itziarrek jantzi dute txapela. Eurak dira historiako lehenengo txapeldunak. Gizonezkoen lehen mailan, berriz, Urko eta Xabik irabazi dute. Bigarren mailako txapeldunak Xabi eta Ander, eta hirugarrenekoak, Iñaki eta Aitor.

Larunbat goizean jokatu ziren finalak, eta eguerdi partean bapo bazkaldu zuten Abend kafe antzokian. Sariak ere banatu zituzten. Txus Alonso kirol zinegotzia arduratu zen horretaz.