Buenetxeak irabazi du herriko areto-futbol txapelketa, penaltietan

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko eka. 24a, 19:53
Buenetxea tabernak irabazi du herriko areto-futbol txapelketaren aurtengo edizioa, penalti jaurtiketetan. Bina berdindu du Patricioren aurka, eta penaltietan finago ibili denez, txapela jantzi du. Kontsolazio fasea Asador Irigoienek irabazi du

Balentria egitetik penalti jaurtiketa batera geratu da Patricio Cocktail Bar: gazteak dira jokalari guztiak, eta aurten hasi dira ia gehienak areto-futbolean jokatzen. Buenetxea tabernako jokalariak, aldiz, eskarmentu handikoak dira; urteak eta urteak daramatzate kirol honetan jokatzen. Esperientziak irabazi dio aurten gaztaroaren kemenari: Buenetxeak jantzi du txapela eta altxa du kopa. Bina berdindu dute arauzko denboran, eta penaltien loterian erabaki da dena: 5-4 nagusitu dira urdin-beltzak. Gogotik ospatu dute gero. Kontsolazio fasea, berriz, Asador Irigoienek irabazi du, Izen Gabe taldeari 4-6 irabazita.

Ezin hobeto ekin zion Buenetxeak neurketari: laugarren minutuan 1-0ekoa sartu zuen Imanol Jimenezek, aldaratze bat sareetara bidaliz. Lehenengo zatian ez dago askoz jokaldi gehiago nabarmentzerik, gol aukera gehiegi ez zituztelako eduki bi taldeek. Gogotik saiatu ziren, baina inork ez zuen nahi behar baino gehiago arriskatu; bigarren zati osoa zuten jokatzeke oraindik.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi zen: laugarren minutuan, 2-0ekoa sartu zuen Buenetxeak. Markagailuan aurretik jartzen denean oso ongi kontrolatzen dituzte neurketak urdin-beltzek, eta hori egiten saiatu ziren: Patricio itsu-itsuan hasi zen 2-1ekoaren bila, eta atzean utzitako hutsuneak baliatu nahi zituen Buenetxeak finala erabakita uzteko. Ez zen hori gertatu, partida bukatzeko hamabi minuturen faltan Unai Arrutik 2-1ekoa sartu zuelako, talde osoaren jokaldi eder bat baliatuz. Handik gutxira atezain jokalariarekin aritzea erabaki zuen Patriciok, eta jaso zituen fruituak, Gorka Marcosek binakoa ezarri zuelako markagailuan, finala bukatzeko bi minuturen faltan. Penaltietan erabakiko zen dena. Dena dela, bukaera oso desberdina izan zitekeen, Buenetxeak aukera ezin garbiago bat eduki zuelako, epaileak partida amaitutzat emateko segundo gutxi batzuk falta zirela.

Aitor Sanz (Patricio) eta Jonathan Seisdedos (Buenetxea) atezain bikainak dira, eta penalti jaurtiketetan erakutsi zuten. Bina jaurtiketa geratu zituzten biek; Patriciok pare bat aukera eduki zituen finala irabazteko, baina ez zituen baliatu, eta txapela Buenetxeak jantzi zuen azkenean. Txapelketa irabazi duenez, Buruntzaldeako areto-futbol topaketetan Lasarte-Oria ordezkatuko du; irailaren 7an eta 8an jokatuko da konpetizio hori.

Sari banaketa

Partidak bukatu eta gero, Udaleko kirol zinegotzi Txus Alonsok denboraldiko sariak banatu zituen.

  • Gol gutxien jaso dituen taldea: Buenetxea.
  • Denboraldiko golegile nagusia: Ander Pecharroman (Insausti-Kattagorri).
  • Finaleko jokalari onena: Jokin Manrique (Buenetxea).

Banakako sariez gain, finalista guztiek jaso zuten kopa bana.

Argazki galeria