Brontzezko domina eskuratu du Alegrek

Nerea Eizagirre 2018ko urr. 19a, 11:30

Lasarte-Oriako judokak "esperientzia polita" bizi du Andorran jokatu duten Special Olympic Games lehiaketan. Gainera, nazioarteko hainbat txapelketatan parte hartzeko gonbita jaso du gazteak. Hurrengo asteetan Irun eta Donostian lehiatuko du

Special Olympic Games txapelketako brontzezko domina ekarri du Oscar Alegrek Lasarte-Oriara. Urriaren 7tik 9ra bitartean jokatu dituzte jokoak Andorran eta La Seu D'Urgellen, Katalunian. Gazte lasarteoriatarra Andorran lehiatu da Euskadiko selekzioarekin, eta bere entrenatzaile Gorka Aristegi eta gurasoen babesa izan du.

Bi jardunalditan banatu dute  judoko txapelketa. Lehenengoan entrenamendua egin dute judoka guztiek. "Bertan epaile eta entrenatzaileek lehiakideen maila ikusi genuen", esan du Aristegik. Bigarren egunean, berriz, mailaren arabera lehiatu dute. 

Lasarte-Oriako judokak pisu handienean parte hartu du. Lau lehiakide zeuden maila horretan, eta hiru alditan igo da tatamira. "Andorrako bi judoka eta Suitzako judoka bat izan ditu aurrez aurre. Ongi aritu da Oskar, eta brontzezko domina eskuratu du".

Baina kirol arloaz gain, Aristegik azaldu du esperientzia ere oso aberatsa izan dela. "Antolakuntza oso ona izan da, eta azpimarratzekoa da kirolarien arteko giroa. Borroka bat amaitzean besarkatu egiten dira, nahiz eta galdu. Ez gaude horretara ohituak".

LOKEko entrenatzaileak eskerrak eman dizkie Euskadiko Selekzioari eta Gipuzkoako Kirol Egokituko Elkarteari. "Haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke Andorrara joatea".

Bestalde, beste torneoetan parte hartzeko gonbidapenak egin dizkiete. "Mundu berri bat ireki zaigu honi esker," azpimarratu du LOKEko judo entrenatzaileak. "Euskadin ez dago Special Olympics Game mugimendua, hemen kirol egokitua da. Baina Europan oso zabaldua dago. Herbeheretan txapelketa bat egiten da. Suitzara joateko gonbidapena egin digute, eta Joko Mundialak ere badaude. Aurten Abu Dhabin izango dira, eta dirua lortuz gero, zergatik ez joan?" 

Honez gain, hurrengo astean Irunen egingo den topaketa batean ere izango da Alegre. Bestalde, azaroaren 17an Donostian antolatuko duten karate eta judoko txapelketan ere parte hartuko du.