Brontzea irabazi du Maialen Chourrautek La Seun

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 10a, 19:53
Hasi bezala bukatu du Munduko Kopa Maialen Chourrautek: podium gainera igota. Seu d'Urgelleko kanalean jokatu da azken jaitsiera, eta brontzea kolkoratu du lasarteoriatarrak.

Ederki itxi du aurtengo Munduko Kopa Maialen Chourraut piraguistak. Berak ondo ezagutzen duen kanal batean jokatu da txapelketa horretako azken proba: La Seu d'Urgellekoan. Brontzea kolkoratu du lasarteoriatarrak. Ricarda Funk alemaniarrak irabazi du, eta Jessica Fox australiarrak kolkoratu du zilarra.

Chourrautek egin du finaleko jaitsiera azkarrena, baina ate bat ukitu duenez, bi segundoko zigorra ezarri diote epaileek. 

Bost proba ditu Munduko Kopak. Hasi bezala bukatu du txapelketa Maialenek: podium gainera igota. Lehenengo proban, Pragan, urrezko domina irabazi zuen. Gaurkoan ere jaitsiera azkarrena egin du, baina penalizazio bat tarteko, brontzezko dominarekin konformatu behar izan du.

Iraila bukaeran Munduko Txapelketa jokatuko du piraguista lasarteoriatarrak, Paun (Frantzia).