Bost domina eskuratu ditu Nahia Zudairek kluben arteko Espainiako Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2017ko eka. 9a, 21:00
Igeriketa egokituko Kluben Arteko Espainiako Txapelketan parte hartu zuen pasa den asteburuan Buruntzaldea IKT-ko Nahia Zudairek

Lan bikaina egin zuen Nahia Zudairek pasa den asteburuan Cadizeko Kluben Arteko Igeriketa Egokituko Txapelketan. S8 kategorian lehiatu zen Buruntzaldea IKT taldeko igerilaria eta parte hartutako bost frogetan eskuratu zituen dominak: urrezko lau eta zilarrezko bat.

50 metro tximeletan eta 400 metro estilo librean onena izateaz gain, bere kategoriako Espainiako errekorrak hautsi zituen. 100 metro tximeletako eta 200 metro lau estilotako lasterketetan ere urrea zintzilikatu zuen. 50 metro estilo librean, berriz, bigarren postuan sailkatu zen.

Asteburuan etxean lehiatuko da Zudaire, Buruntzaldea IKT-k antolatuko duen Lasarteko Sarian.