Lan bikaina egin zuen Nahia Zudairek pasa den asteburuan Cadizeko Kluben Arteko Igeriketa Egokituko Txapelketan. S8 kategorian lehiatu zen Buruntzaldea IKT taldeko igerilaria eta parte hartutako bost frogetan eskuratu zituen dominak: urrezko lau eta zilarrezko bat.
50 metro tximeletan eta 400 metro estilo librean onena izateaz gain, bere kategoriako Espainiako errekorrak hautsi zituen. 100 metro tximeletako eta 200 metro lau estilotako lasterketetan ere urrea zintzilikatu zuen. 50 metro estilo librean, berriz, bigarren postuan sailkatu zen.
Asteburuan etxean lehiatuko da Zudaire, Buruntzaldea IKT-k antolatuko duen Lasarteko Sarian.