Bosgarren edizioa ere, arrakastaren saskira

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 4a, 18:41
Ostadar SKTren saskibaloi alorrak 3x3 txapelketaren bosgarren edizioa antolatuz itxi du 2017a. Goizetik hasi eta iluntzera arte, saskibaloi-giroa arnastu da Maialen Chourraut kiroldegian

Arrakastaren saskian sartu behar 3x3 txapelketaren bosgarren edizioa. Abenduaren 30a nola joan zen ikusi besterik ez dago: saskibaloi-giroa arnastu zen udal kiroldegian, goizetik iluntzera arte. Maialen Chourraut kiroldegiko kantxan, kategoria desberdinetako taldeak elkarren kontra jokatuz, ondo pasaz, etengabe. Tarteka, hiruko txapelketa, zirraragarria beti ere. Gaztetxoenentzat, jokoak; eta Ostadar Kirol Egokituko kideak ere kirola eginez, primeran pasatzen. 

Hori baita txapelketa honen helburuetako bat: lehiatzea eta irabaztea bainoago, saskibaloian jokatuz ongi pasatzea, disfrutatzea. Lehiaketa 2014ko neguan antolatu zuen Ostadar SKTren saskibaloi alorrak aurrenekoz, Michelingo pilotalekuan; pasa dira hiru urte, eta jokatu dira beste lau edizio. Azkenekoak, udal kiroldegian: saskibaloiaren erreferente bihurtu da honezkero, Lasarte-Oriako jokalariez gain etortzen direlako inguruko herrietako hainbat ere.

Goiza, gaztetxoentzat

Benjamin, alebin eta infantil mailako neska-mutilek gozatu zuten saskibaloiaz goizean zehar. 09:30ean hasi, eta bazkalordura arte aritu ziren partidak jokatu eta jokatu, kantxaren ezkerreko aldean. Eskuinaldean, berriz, kirol egokituko gazteek hainbat jokotan hartu zuten parte.

Eguerdi aldera jokatu ziren benjamin eta alebin nesken finalak. Zarautz Surfistak taldeak 3 eta 2 irabazi zion Macabi de Levantar izenekoari, benjaminetan; alebinetan, Las exterminadoras nagusitu zen, 2007ko Zarauztarrak taldeari 8-0 irabazita. Infantil kategoriako neska eta mutilek goizean jokatu zituzten lehenengo faseak; finalak, arratsaldean.

Arratsaldean helduak, eta finalak

Junior eta senior mailako taldeek hartu zuten gaztetxoen erreleboa, arratsaldean. Fasez fase aritu ziren, final handietara iritsi arte. Horiek baino lehen, infantil kategoriakoez gozatu zuten kiroldegira gerturatutako ikusleek. Nesketan, L-Mak nagusitu zen, Kalimak taldeari 9-3 irabazita. Mutiletan, kopa Lonzo Ballak-ek altxa zuen. Luberri-rekin neurtu zituzten indarrak, eta 10-3 irabazi.

Juniorretan, hauek izan ziren emaitzak: Apa! 5-4 Tripletz, eta Big Ballers 14-4 Tres al cuadrado. Seniorretan, berriz, honako hauek: Pompa Pampoxa 6-8 Skycrapers eta Lebron Cagon 4.0 7-8 Ternera Loka.

Aurtengo edizioan 57 taldek hartu dute parte kategoria guztietan; oso antzeko kopurua izan zen iazkoa ere. Gustura daude antolatzaileak bosgarren edizioak izandako arrakastarekin.

Argazki galeria