Bizikleta errepidera ateratzeko irrikitan
Buruntzazpi Txirrindulari Eskolako gazteak laster hasiko dute errepideko denboraldia. Carbayeda eskolako arduradunak uste du "emaitza politak" atera ditzaketela. Halere, nabarmendu du taldearen helburua kirolariei prestakuntza eskaintzea dela

Buruntzazpi Txirrindularitza Eskolako gaztetxoek atseden gutxi dute. Errepideko denboraldia amaitzen dute udararekin batera, baina ez diote uzten pedalei eragiten. Neguan pistan eta ziklokrosean ibiltzen dira txirrindulariak, sasoia ez galtzeko. Amaitzear dituzte pistako lehiaketak, eta Xabier Carbayeda txirrindularitza elkarteko arduraduna dagoeneko errepideko denboraldia hasi da prestatzen. Gustura dago, gainera, haren txirrindulariak pistan lortu dituzten emaitzekin; Gipuzkoako Kluben lehiaketan bigarren egin dute, eta Asier Pozo kadeteak joan den asteburuan Espainiako Kopako proba batean garaipena eskuratu zuen. 
Halere, Buruntzazpiko filosofian emaitzak ez dira garrantzitsuenak. Carbayeda txirrindulari profesionala izandako eta Euskaltel-Euskadiren garaian zuzendari lanetan ibilitakoa da. Horregatik, ongi bereizten du txirrindularitza eskola batek behar duena. "Gure garaian guri lagundu ziguten bezala, gaztetxoei lagundu behar diegu guk. Gazteei formakuntza eman behar diegu, etorkizuna bermatu dezaten. Hori da gure helburua, ekarpen bat egitea. Lasarte-Oriako eta Usurbilgo gazteei bizikletan ibiltzeko aukera ematea da gure lana".
Hamabost bat txirrindularik osatzen dute taldea, alebinetatik hasi eta kadete kategoria arte. Jubenil mailakorik ez dute aurten. Prestatzaile fisikoa dute, eta txikienek astean bitan entrenatzen dute. Kadeteek, berriz, ia egunero, astean atseden egun bat edo bi hartuta.
Neskarik ez dago taldean, nahiz eta erakartzen saiatu diren. "Momentuz ez dugu lortzen. Dirudienez ez dago hemen inguruan bizikletan ibili nahi duen neskarik. Ez da erraza", azaldu du Carbayedak. 
Errepidera lehiatzera atera aurretik aurredenboraldia gimnasioan egiten dute. "Usurbilen badugu gimnasio bat, eta euria egiten duenean arrabola erabiltzen dugu". 
Pistako denboraldia amaitzear dago, baina oraindik urtarrilean jokatuko dituzte jardunaldi batzuk. Etzi, igandean, esaterako, Anoetan hitzordua dute Buruntzazpiko txirrindulariek; Bio Racer Txapelketaren zortzigarren jardunaldia jokatuko dute. Pozok, ordea, egun horretan Bordelen  lehiatuko du, Gipuzkoako Selekzioarekin. 


Errepideari begira 
Pozo bigarren urteko kadetea da. Pistan denboraldi oso ona egin du, emaitza on asko pilatu baititu. Espainiako Kopa bukatzeko proba baten faltan, sailkapen nagusian lehen postua da, bigarrenarekin berdinduta. Otsailaren 10eko asteburuan jokatuko dute proba erabakigarria, Mallorcan. 
Carbayedari gustatzen zaio gaztetxoek aurre denboraldian pistan lehiatzea, errepiderako prestaketa ona delako. "Teknika ikasten dute, tropelean ibiltzen, erreleboak ematen...". 
Neguan ziklokrosean aritu direnak ere badira; Unai Altunak Legazpin Espainiako kadete txapelketa jokatu zuen, eta "txukun" amaitu zuen, Carbayedaren arabera. 
Buruntzazpiko entrenatzailea dagoeneko errepideari begira dago, 2018an "erronka politak" dituztelako. "Iaz Asier [Pozo] hirugarren geratu zen Gaztetxoak txapelketan. Hiru probintzietan eta Nafarroan  jokatzen da". Txapelketa horretan lehiatzeko moduan dago Buruntzazpi, horretarako "talde polita" duelako. "Gipuzkoako lasterketetan ere maila txukuna eman dezakegu". Badute taldekide berri bat, gainera: Dani Fursenko, Andoaindik etorria. "Lehengo urtean Gipuzkoako txapelketan bigarren egin zuen, lehen urteko infantila izanda". 

 

ARGAZKIAK
blog comments powered by Disqus
Lasarte-Oria
Gaur ez dago ekitaldirik Lasarte-Orian.
ZORION AGURRAK
OIHANE
Zorionak guapa etxekoen partez!!! Muggle batzuk besterik ez gara, baina maite zaitugu. Muxuk...
AZKEN PDFa
1437 ( Urriak 19 )
GUARDIAKO FARMAZIAK
Acha-Orbea ( Asteartea)
Hipodromo etorbidea 6
Tel: 943 363549
ASTEA
    • Urbistondo ( Asteazkena )
      San Frantzisko 1
      943 366567
    • Gandarias-Uribe ( Osteguna )
      IƱigo de Loyola 9
      943 019521
    • Orue ( Ostirala )
      Jaizkibel plaza 2
      943 362652
    • Lasa ( Larunbata )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • Lasa ( Igandea )
      Kale Nagusia 42 atzea
      943 361774
    • De Miguel ( Astelehena )
      Kale Nagusia 32
      943 371151
    txintxarri@txintxarri.eus
    txintxarri@ttakun.eus
    Geltoki kalea 4, Lasarte-Oria 20160 Gipuzkoa
    943 37 14 48