Bigarren zatian etorri ziren golak eta garaipena

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 20a, 11:30
Garaipena lau goleko aldeagatik poltsikoratuta ere, majo egin behar izan zuen lan ISU Leihoak taldeak. Bigarren zatian etorri ziren golak eta garaipena: Power Rangers-i 5-1 irabazita, sailkapenaren erdialdean daude Eneko Molinarenak, 30 punturekin.

Kosta zitzaion golen kutxa irekitzea ISU Leihoak taldeari, baina egin zuenean, bata bestearen atzetik etorri ziren. Bigarren zatian guztiak. Bost. Power Rangers aurkariak ere sartu zuen ohorearen gola. 60 minutuak jokatuta, 5-1, beraz.

Baloia jokoan jarri bezain pronto hasi zen etxeko taldea agintzen Maialen Chourraut Udal Kiroldegian. Garaipena poltsikoratzea berebizikoa zen Eneko Molinaren taldearentzat, denboraldi erdian playoff postuetatik oso urruti geratu nahi ez bazuten. Gauzak horrela, golaren bila irten ziren gogotsu, baina aurreneko 30 minutuetan ezin izan zuten bakar bat ere sartu. Aukerak eduki zituzten: Javi Solchagaren jaurtiketa bat zutoinera, Jon Arozenaren hainbat saiakera... baina ezin. Esan bezala, 0-0 atsedenaldian.

Herriko taldea ez zen urduri jarri eta lanean jarraitu zuen. Bigarren zatian ailegatu zen hainbeste bilatutako saria: ohartzerako 3-0 ari zen irabazten ISU. Power Rangersek 3-1ekoa sartzea lortu zuen, baina Eneko Molinaren taldeak ez zion garaipenari ihes egiten utzi eta bi gol gehiago sartu zituen. ISUren golak Lander Martinek, Eric Utielek, Jon Arozenak, Unai Ituartek eta Javi Solchagak sartu zituzten. Garaipen horri esker, playoff postuetarako sailkatu daitezke oraindik; sei puntura daukate helburua. Sailkapenean 8. postuan dira, 30 punturekin.

Cecilia Ostadarren porrota

Lasarte-Oriak Gipuzkoako 1go mailan daukan beste ordezkari Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek ezin izan zuen punturik bildu Egarri Tabernaren aurka.

Lehenengo zatian urdin-beltzek eduki zituzten aukera garbienak, baina Egarri aurreratu zen markagailuan. Atsedenaldira joan aurretik berdindu zuen Ostadarrek, Josu atezainaren jaurtiketa bat baliatuz.

Bigarren zatia ere oso paretsua izan zen, hamar minuturen faltan Egarrik 2-1ekoa sartu arte. Berriro ere atezain jokalaria aterata, Iñakik 2-2koa sartu zuen. Une horretan, Edu Menaren taldeak partiduaren bila joatea erabaki zuen sistema berbera mantenduta, baina ez zitzaion ongi atera: 3. eta 4. golak sartu zituen Egarrik azken minutuetan. 

Gauzak horrela, sailkapeneko 10. postuan da Ostadar; 18 puntu ditu. Jaitsiera postuekiko aldea edukitzen jarraitzen du, baina datozen jardunaldietan garaipen gehiago lortu beharrean dira.

Jubenil mailan, Kafe Bar Lasarte taldeak 8-2 irabazi zion Laskoraini, eta 10-4 galdu Kafe Bar Buenetxeak, Goierriren aurka. Denboraldi oso ona egiten ari dira biak; 20 eta 21 puntu bildu dituzte 13 jardunalditan, hurrenez hurren.

3. Nazional mailan ari den Ostadar Antonio Aroztegiak  berriz, atseden hartu du jardunaldi honetan.