Bigarren zati bikaina eginda, 0-3 irabazi du Ostadar SKTk

Txintxarri Aldizkaria 2018ko aza. 9a, 11:45
Denboraldi ederra egiten ari da Erregional Preferentea: zortzi jardunaldi jokatu, eta bost partida irabazi ditu

Kategoria mantentzea baino gehiago nahi duela erakusten jarraitzen du Erregional Preferenteak. Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da: zortzi jardunaldi jokatu, eta bost partida irabazi ditu. Azkena, etxetik kanpo, Gure Txokoaren aurka, 0-3. Etxetik kanpo lortzen duten hirugarren garaipena da. 2017-2018 sasoi osoan bitan besterik ez zituzten hiru puntuak atera Michelinetik kanpo. Hamasei punturekin, sailkapenaren goiko postuetan da taldea. Bolada onean dira Asier Aizpurua eta Ander Rekondoren jokalariak.

Azken sailkatua da Gure Txokoa, baina ez da batere erraza Matzadan irabaztea. Pazientzia handiz jokatu zuen Ostadarrek: bazekien iritsiko zela gola sartu eta etxekoak urduritzeko aukera. Bigarren zatian hautsi zuten neurketa urdin-beltzek, Ivan Ruizen golarekin. Ganix Arrondok eta Haritz Berasategik sartu zituzten beste biak.