Bi hirugarren postu lortu ditu Hondarribiak Coruñako banderan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko uzt. 13a, 12:15

Galizia aldean ibili da arraunean Intza Fernandez herritarra, Hondarribia traineruarekin, Euskotren Ligan

Ederki ekin dio denboraldiari Hondarribiak. Duela bi aste Euskotren Liga jokatzeko sailkatu zen, San Juan, Orio eta Arraun Lagunak taldeekin batera. Onenekin ari da arraunean Intza Fernandez lasarteoriatarra. Galizian lehiatu zen pasa den asteburuan; Coruñako Bandeira zuten jokoan. Bi tandatan erabaki zen irabazlea: larunbatean zein igandean, meritu handiko bi hirugarren postu lortu ditu Hondarribiak. Ligako hirugarren postuan dago orain, zazpi punturekin.

San Juan izan zen bizkorrena bi tandetan, eta bandera irabazi zuen, merezimendu osoz. Liga hasiera ikusgarria egiten ari dira pasaitarrak; lautik lau proba poltsikoratu dituzte. Orio ere koxka bat gorago dago, baina San Juanen mailara iritsi gabe. Eta, hirugarren postuarengatik borrokan, Hondarribia eta Arraun Lagunak. 

Joan den asteburuan Ama Guadalupekoak egin zuen hirugarren, larunbat eta igandean. 12:22.21eko denbora egin zuen aurreneko tandan, eta 12:51.32koa bigarrenean. Coruñan bildutako puntuak poltsikoan, zazpi dituzte orain hondarribiarrek, eta sailkapen orokorrean aurrea hartu diote Arraun Lagunak talde donostiarrari.

Bihar, Donostiako uretan

Kaiarriba-Amenabar banderaren bigarren edizioa jokatuko du bihar Hondarribiak. Azken estropadetako dinamika ona mantendu nahi dute: Arraun Lagunaken aurretik geratu eta, zergatik ez, Orio eta San Juan trainerekiko denborak murriztu. Gaitasuna badute.