Beste urtebetez ariko da Iraia Iparragirre Realean

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 19a, 14:34
Kontratua 2018ra arte berritu du Iraia Iparragirre futbolari lasarteoriatarrak. Bigarren denboraldia du aurten Realaren lehenengo taldean.

Datorren denboraldian ere elastiko txuri-urdina jantziko du Iraia Iparragirre futbolariak. Realarekin akordio batera iritsi eta kontratua 2018ko ekainaren 30era arte berrituko du. "Poz handia ematen dit, ilusioz beterik nago hemen jarraitzeagatik", adierazi du Iraiak talde donostiarraren telebista-kameren aurrean. 

Realak asteon jokatuko du Iberdrola Ligako azkeneko jardunaldia. Bihar 12:00etan jokatuko dute Atletico Madril taldearen zelaian. Madrildarrak liga irabazteko lehian ari dira. Reala dagoeneko sailkatuta daude Erreginaren Koparako. Txapelketa horretan maila ona ematea du helburu jokalari lasarteoriatarrak.