Ez da posible izan. Eta ez gogotik saiatu ez direlako. Dena utzi dute Ostadarreko jokalariek berdegunean, baina ez da aski izan lehenengo aukera jubenilen Euskal Ligara igotzeko. Ordiziak lortu du txartela, 3-2 irabazita, justiziaz. 90 minutuak hartuta, hobeto aritu da Goierriko taldea. Urdin-beltzentzat dena ez dago galduta, hala ere: Arabako eta Bizkaiko ligetako bigarrenen aurka jokatuko du, 45 minutuko bi partidu. Puntu gehien biltzen dituena kategoriaz igoko da. Lanean segi behar, beraz. Gaur beharbada ez dira animoz egongo, baina ziur berehala emango diotela buelta egoerari. Gai direla soberan erakutsi dute aurten.
Hobeto zelairatu da Ordizia eta jokoaren jabe izan da aurreneko minutuetan. Ostadarrek, berriz, apur bat urduri ekin dio partiduari. Ezin izan dute baloia denbora askoz eduki eta ordiziarren menpe egon dira. Hasi eta berehala iritsi da partiduko aurreneko gola: Ordiziak area ertzeko zuzeneko falta bat baliatu du 1-0ekoa jartzeko. Ez da partidu bat hasteko modurik onena, baina burua jaitsi beharrean, Ostadarrek ez du amore eman eta gutxinaka-gutxinaka bere jokoa egiten hasi da.
1-0ekoa jaso eta gutxira hatz mamiekin ukitu dute berdinketa lasarteoriatarrek, baina Gorka Dominguezek ez du asmatu. Ostadarren lehenengo abisu serioa izan da. Gehiago etorriko ziren handik minutu batzuetara. Abisuak baino, golak. Lehenengoa Borja Melladok sartu du, aldaratze bat sareetara bidalita. Gol horrek hauspotu egin du gaur laranjaz aritu den taldea, eta 35. minutuan 1-2koa jarri du markagailuan; Samu Ferreirak maisuki gainditu du atezaina. Emaitza horrekin joan dira aldageletara bi taldeak. Ametsa 45 minutura zegoen.
Ezin aldeari eutsi
Atsedenalditik bueltan, lehenengo zatian gertatu bezala, Ordiziak hartu du agintea. Logikoa beste alde batetik, une horretan Ostadarrena baitzen Euskal Ligara igotzeko txartela.
Zubietako Z4 zelaian ikusi den hurrengo gola, lasarteoriatarren zoritxarrerako, Ordiziaren bigarrena izan da. Emaitza horrek luzapenera bidaltzen zuen partidua, baina jokaldi nahasi batean bizkor ibili da Ordiziako aurrelaria eta 3-2koa sartu du. Hamar minutu zituen Ostadarrek behintzat berdinketaren gola sartzeko, baina ez du lortu. Gertu eduki du, hori bai: Jon Lopez de Lacalleren jaurtiketa indartsua defentsa batek desbideratu du.
Orain, promozioa
Denboraldi ia guztia lidertzan pasa eta lehenengo multzoko txapelduna izanda ere, Ostadarrek 90 minututan jokatu behar izan du sasoi osoa, eta lehenengo aukera ezin izan du baliatu. Dena den, euren multzoko lider bukatzeak badauka abantaila bat: gaur galduta ere, Arabako eta Bizkaiko ligetako bigarrenen aurka jokatu eta irabazita igotzeko bigarren txartela eskura dezake.
Gaur ez da beharbada egunik onena indarrak atera eta horretan pentsatzeko, baina Javi Solchagak zuzendutako taldeak soberan erakutsi du ez dela erraz amore ematen duten horietakoa. Gaur malko izan direnak irribarre bihur daitezke hemendik aste gutxi barru. Euskal Ligako irribarre.