Beltzak RT-k emakumezkoen taldea atera nahi du, Zarautzekin batera

Txintxarri Aldizkaria 2017ko uzt. 5a, 11:35
Ate irekien jardunaldia egingo dute gaur 18:00etan Zarauzko Asti zelaian

Urtetik urtera hazten ari den elkarlana da Beltzak eta Zarautz rugby taldeen artekoa. 16 urtez azpikoen taldea Euskal Ligako txapeldun izan da aurten, eta 14 urtez azpikoek azken uneraino borrokatu zuten aukera hori. Datorren denboraldiari begira, berriz, erronka handi bat dute bi talde gipuzkoarrek: nagusien kategorian emakumezkoen taldea ateratzea.

Horretarako, jokatzera bueltatu nahi duten zenbait jokalari ohi bildu dituzte, egungo gazteekin batera taldea osa dezaten. Batzuk elkartu diren arren, nabarmendu dute "oso zaila" dela ezerezetik gutxienezkoak diren 21 jokalariak lortzea. 

Gaur egingo dute ate irekien jardunaldia, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Zarauzko Asti zelaian. Udako oporretara joan aurretik, ahalik eta taldekide gehien biltzea dute helburu. Dagoeneko, hamar badira, eta gaurko saioa amaitzerako beste batzuk konbentzitzen saiatuko dira.

Errugbian bizi den "giro polita" nabarmendu dute jokalariek. "Taldelana ezinbestekoa izanda, oso harreman estuak sortzen dira talde barnean", azalerazi diote Zarauzko Hitzari.

Gaur egun, Paola Vega lasarteoriatarrak Beltzak RT taldeko gazte mailatan jokatzen du. 16 urte betetzen dituenean, ordea, ezin izango du egungo taldekideekin batera jokatzen jarraitu. Proiektua aurrera ateraz gero, bertan edukiko du irtenbide naturala herritarrak. Bestela, errugbian jokatu nahi duten emakume lasarteoriatarrek eta zarauztarrek inguruko herrietako beste taldetara jo beharko dute, orain arte bezala.