Behobia-Donostia: korrikalari adina istorio

Adrian Garcia 2018ko aza. 16a, 11:15
Guztira 145 herritarrek amaitu dute herri lasterketarik jendetsuena. Gomez Margallo eta Salazar izan dira azkarrenak. Emozioz beteriko proba hunkigarria izan ohi da; korrikalari bakoitzak bere istoriotxoa du. Horietako bi ekarri ditu hona TXINTXARRI-k

Ez da edozein lasterketa. Korri egiten duten guztiek halaxe diote: gutxienez behin egin beharreko proba da Behobia-Donostia. Agian badaude ibilbide politagoak dituztenak, baina urtero-urtero bide bazterretan pilatzen den ikusle mordoak egiten du berezia. Animoak handik eta hemendik jasotzen dituzte korrikalariek. Lehen postuetan amaitzen duten atletek bai, baina baita bi orduren bueltan ibiltzen direnek ere. Lasarteoriatar askorentzat hitzordu garrantzitsua da. Aurten 145 pertsona helmugaratu dira. Horietako 33, emakumeak. 

Denera, 30.000 korrikalarik baino gehiagok parte hartu dute. Punta puntako atletak dira horietako asko; gehienak, ordea, zaleak. Horregatik, norberak bere helburua du buruan. Batzuk marka pertsonala ontzea; beste batzuk, besterik gabe lasterketaz gozatzea. 

Lehen herritarrak ordubeteren bueltan sartu dira. Raul Gomez Margallo izan da lehena mutiletan, 1:10:27ko denboran. Maite Salazarrek ordu t'erditik jaitsi du (1:29:30). 

Erretiroa hartzean, korrika

Ander Iriondok ere badu lehiakortasun puntu bat. Iaz bigarren geratu zen bere kategorian, baina aurten arantzatxoa kendu du: "Iaz baino minutu bat gehiago egin dut, baina lehen postua irabazi dut nire kategorian". 

Ez dauka meritu gutxi Iriondok egindakoak. 70 urtetik gorakoekin lehiatzen du; 72 beteko ditu hilaren bukaeran, baina gazte askok baino denbora gutxiago behar izan du helmugaratzeko:  ordubete eta 37 minutu. 

Erretiroa hartzean, korrika

Haatik, lasterka egitea ez du betiko zaletasuna. "19 urterekin hasi nintzen, baina gero 45 urte egon nintzen ibili gabe. Erretiroa hartu nuenean, 65 urterekin, hasi nintzen berriro". 

Pistan lehiatzen du, eta Euskadiko txapelduna da 3.000 eta 800 metrotan. Espainiakoan ere lortu ditu dominak; 800 eta 400 metrotan hirugarren izan da. Gainera, errepideko 10.000 metroetan bigarren egin du. 

Baina lasterketa luzeak ere baditu gogoko. "70. urtebetetzea ospatzeko, Sevillako maratoia egin nuen. 3 ordu eta 36 minutu behar izan nituen". 

Behobia-Donostia hirugarren aldiz egin du. Gustuko du, batez ere ikusleengatik. "Bertan dagoen giroak ahaztezina egiten du". Aurten jende gehiago topatu du bide bazterretan. "Irunen nahiko hotza izaten zen, baina jende asko zegoen igandean". 

Bero kolpea egingo zuela iragarria zuten, baina azkenean "ez da horrenbesterako izan", Iriondoren arabera. Ez behintzat, orain dela hiru urte bezainbeste. "Orduan gehiegi izan zen. Aurten, adibidez, urik ez dut edan bukatu arte". 

Arantxa Zapata herritarrari ere asko gustatzen zaio Fortunak antolatutako proba. Laugarren aldia du aurtengoa. "Oso lasterketa polita da". Ongi etorri zaio, gainera, bere urteko erronka prestatzeko: "Valentziako maratoia egingo dut. Lasai atera nintzen, gozatzera". 


Lasterketa gogorra

Lagun batekin batera atera zen, eta elkarrekin bukatu zuten. "Lehenengo aldiz egiten zuen, eta harritatuta geratu da zegoen giroaz". Izan ere, "lasterketa berezia" da Behobia-Donostia, Zapataren hitzetan. "Aurten beste urteetan baino giro hobea zegoen, gainera. Nire alabak Kursaalean itxaroteak eta ni amaitzen ikusteak ilusioa handia egiten dit ". 

Halere, ohartarazi du "gogorra" dela; hogei kilometro dira, eta aldapa gogor batzuk ditu, Gaintxurizketako gaina eta Kaputxinos, esaterako. "Aurten asko sufritu dut, belauna minduta baineukan".