Nahi baina ezin

Txintxarri Aldizkaria 2018ko mar. 15a, 11:00
Denetik egin dute berdinketaren gola sartzeko, baina Antonio Aroztegia Eguzki taldeko jokalariak esku hutsik joan dira aldagelara. 0-1 galdu dute Kukuiagaren aurka; arerio zuzena dira bizkaitarrak, maila mantentzeko borrokan

Maila mantentzeko lehia betean ari da Antonio Aroztegia Eguzki. Hainbat denboraldi daramatza Estatuko Hirugarren Mailan konpetitzen, eta datorren denboraldian ere bertan egon nahi du. Irabazi, ala irabazi; pentsamolde horrekin kantxaratu ziren larunbatean, baina ezin izan zituzten hiru puntuak poltsikoratu. Porrot guztiak dira mingarriak, baina garaipena arerio zuzen batek eskuratzen duenean, are gehiago. Kukuiagarekin neurtu zituzten indarrak lasarteoriatarrek, Maialen Chourraut kiroldegian, eta 0-1 galdu zuten.

Norgehiagokari hobeto ekin zion kanpoko taldeak, eta 10. minuturako 0-1 zihoan irabazten. Kalu Ericek entrenatzen duen taldeak akats defentsibo bat egin, eta bizkaitarrek ez zuten barkatu. Aurreneko zatian apenas sortu zuen arriskurik Antonio Aroztegiak, eta emaitza horrekin joan ziren atseden hartzera.

Ate aurrean kamuts

Bigarren zatian askoz hobeto aritu zen herriko taldea, eta berdinketaren golaren bila irten zen, tinko. Dena dela, arrisku handiko abagunerik ez zuen sortu ia bukaerara arte. Azkeneko hamar minutuetan behin eta berriro hurbildu ziren Kukuiagaren ate ingurura, baina jaurtiketa garbirik egin gabe. Partida amaitzeko minutu gutxi falta zirela, atezain jokalariarekin aritzea erabaki zuten, baina arrisku askorik ez zuten sortu. Etxekoen abagune garbiena taldekide batek aldendu zuen; ez zen herritarren egun onena izan. Kukuiagak ere eduki zuen aukeraren bat kontraerasoan, baina ez zuen asmatu. Hortaz, 0-1, eta hiru puntuak Bizkaia aldera.

Jardunaldiko emaitzak

Gainontzeko talde federatuek ere jokatu dituzte partidak asteburuan. Ezin izan dute emaitza onik lortu:

Gipuzkoako 1go maila: ISU Leihoak Eguzki 3-7 Jaixki AFT

Gipuzkoako 2. maila: Gorka Margoak Makax 4-2 Cecilia Fruta Denda Eguzki

Senior emakumeak: Trumoi Taberna Eguzki 4-7 Anoeta FT

Mutil jubenilak: Bar Lasarte Eguzki 1-1 Goierri KE

Kadete mutilak: Erain 9-2 Balerdi Harategia Eguzki