Baloia, ekainera arte mugimenduan

Txintxarri Aldizkaria 2018ko urt. 28a, 17:31
Gaur hasi da herriko areto futbol txapelketaren 35. edizioa. Bederatzi taldek eman dute izena, eta zortzik lehiatu dute estreinako jardunaldian, Michelinen

Baloia hasi da jokalarien hanka artean mugitzen, eta ez da ekainera arte geldituko. Herriko areto futbol txapelketakoa ez behintzat. Gaur hasi da 35. edizioa: Udalak antolatu du aurrenekoz, eta bederatzi taldek eman dute izena. Horietatik zortzik lehiatu dute estreinako jardunaldian, Michelinen. 

Insausti-Kattagorri eta Asador Irigoien taldeek jokatu dute 2018ko edizioko aurreneko partida. Txapelketa honetan talde berri ugarik eman dute izena, eta jokalariek oraindik ez dute gehiegitan jokatu elkarrekin. Ez da hori Insausti-Kattagorriren kasua: badaramatzate hiruzpalau urte elkarrekin entrenatzen eta lehiatzen, eta nabaritzen da hori kantxa barruan. Aurreneko minututik nagusi izan dira gaurko lehian, eta 0-34 irabazi dute. Asador Irigoien taldeak ezin izan ditu bost jokalari bildu gaurkorako, eta laurekin aritu behar izan du. Golak Ander Pecharromanek (14), Unai Ituartek (10), Joseba Rekondok (5), Iñaki Aristondok (2), Javi Solchagak (2) eta Andoni Altolagirrek sartu dituzte.

Orekatuagoa izan da Avenida Taberna eta Izen Gabe taldeen arteko neurketa. Banakoarekin joan dira atsedenaldira, baina bigarrenean ezin izan diote markagailuari eutsi Avenidakoek, eta 1-5 galdu dute azkenean. Haritz Urkiak sareratu du Avenidaren gol bakarra; Izen Gaberenak, berriz, Mikel Pikabeak (2), Ion Iriondok, Mikel Perezek eta David Miguelizek.

Lehenengo jardunaldiko beste bi emaitzak: Babeslerik Gabe 3-1 Viña del Mar (Iker Matute, Javi Gomez eta Pablo Izquierdo; Ekain Herrero) eta Txoko Taberna Autocares Luiscar 1-5 Trumoi (Fernando Arreal; Javi Vecilla (2), Javi Arsuaga, Angel Santiago eta Francisco Javier Moreno).

'Leverade', txapelketa jarraitzeko

Txapelketaren nondik-norakoen berri izateko, Leverade aplikazioa erabili dezakete lasarteoriatarrek. Mugikorrean jaitsi dezakete, edo, bestela, web orrialdean sartu. Esan bezala, Lasarte-Oriako Udalak antolatu du aurtengo txapelketa, eta konpetizioa antolatzeko eta kudeatzeko Sportmadness Gipuzkoa enpresa kontratatu dute. Eurak arduratzen dira emaitzak eta estatistikak eguneratzeaz, partiduen egunean bertan.