Babyauto Zarautzen ligako lehen garaipena, Oviedoren aurkakoa (23-21)

Txintxarri Aldizkaria 2016ko ira. 28a, 19:00
Seniorren Ohorezko B mailan ari den Babyauto Zarautzek denboraldiko lehen garaipena poltsikoratu zuen pasa den larunbatean. Oviedo hartu zuen mendean, ez sufritu gabe: 23-21 nagusitu ziren etxekoak, Corey Simpson-ek azkeneko jokaldian lortutako transformazio bati esker.

Estreinako jardunaldian Uribealdearen aurka 17-13 galdu ostean, Phil Huxford eta Facundo Oriveren jokalariak are gogo gehiagorekin irten ziren garaipenaren bila Zarauzko Asti zelaira. Ander eta Xabier Rekondo anaiek eta David Vegak hasieratik jokatu zuten; Julen Aristorena bigarren zatian zelairatu zen.

Kanpoko taldeak, Real Oviedok, erakutsi zuen ez zela etorri arratsalde-pasa, eta gauzak oso zail jarri zizkien zarauztarrei. Pentsa: Babyauto Zarautzek neurketaren hondarrean lortu zuen garaipena, Corey Simpson-ek gauzatutako transformazio bati esker. Azkenean, 23-21ekoa izan zen markagailua, eta puntuak Zarautzen geratu ziren.