Aurpegia emanda ere, Kopatik at geratu da ISU Leihoak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko abe. 6a, 20:09
Partidu gogor baina polit bati egin dio aurre ISU Leihoakek gaur goizean, Maialen Chourraut kiroldegian. Estatuko 2.B mailan ari den Lauburu Ibarrarekin neurtu ditu indarrak: aurpegia eman dute Eneko Molinarenek, baina 0-3 galdu dute

Abenduko zubiari areto-futbol kutsuarekin ekin dio Lasarte-Oriak. Izan ere, senior mailako taldetako bik gaur goizean zehar jokatu dute Maialen Chourraut kiroldegian. Euren onena eman dute, beti bezala, baina ezin izan dituzte norgehiagokak aurrera atera.

Neurketa deigarriena Gipuzkoako Kopakoa izan da. ISU Leihoakek lan oso ona egin du txapelketan zehar, baina ezin izan du hurrengo fasera sailkatu. Partidu gogor baina polit bati egin diote aurre gaurkoan Eneko Molinarenek: Estatuko 2.B mailan ari den Lauburu Ibarrarekin neurtu ditu indarrak. Logika nagusitu da oraingo honetan, eta kanpoko taldea sailkatu da, 0-3 irabazita. Bi mailako aldea dago bi taldeen artean, edo hori dio paperak, baina gaurkoan ikusi da, praktikan, diferentzia ez dela hainbestekoa.

Ezin bi garaipen kateatu

Asteburuan garaipen bikaina eskuratu zuen Estatuko 3. mailako Antonio Aroztegia Eguzkik, Aretxabaletari 5-7 irabazita. Atseden egun batzuk hartu aurretik, beste hiru puntu poltsikoratu nahi zituzten herritarrek, baina ezin izan du Araiako Alipendi mendean hartu. 2-6 galdu du Kalu Erice eta Edu Menak entrenatutako taldeak. Merik eta Igorrek sartu dituzte etxeko taldearen golak. Uneotan 11. postuan dago Eguzki, 9 punturekin. Hamar partidu jokatu ditu orain arte.