Aspuru nagusi Villa Mirentxun (40-11)

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mai. 14a, 19:03
Villa Mirentxuko trinketean pilota hotsak entzun ziren larunbatean aspaldiko partez. Intza KEko pilotari Aritz Solanok Euskal Ligako partidua jokatu zuen Aspururen aurka. Bizkaitarra gailendu zen, 40-11.

Era guztietara saiatu zen, baina ez zuen saririk jaso. Ez zen izan Aritz Solano herritarraren egun onena larunbatekoa, eta bai bere aurkariarena. Gauzak horrela, zaila da partiduak aurrera ateratzea, eta Intza KEko pilotariak ezin izan zuen etxean garaipena eskuratu. Atxurde talde bizkaitarreko Aspuruk 40-11 irabazi zuen.

Paretsua izan zen neurketa hasieran, bosnako berdinketara arte. Ordutik aurrera, jokalari bizkaitarra izan zen nagusi Villa Mirentxuko trinketean. Sake bortitzak, ia erreboterainoko pilotakadak, eta, aukera zuenean, tantoak ederki bukatu dejadak eginez. Solano saiatu zen defendatzen eta partiduaren lema hartzen, baina ezin izan zuen. Aipatzekoa da baita ere Aspuruk hainbat tanto lortu zituela pilotak botea egin eta gero ezker hormako sarea jota. Oso ongi jokatzeaz gain zortea ere aldeko izan zuen zenbait tantotan bizkaitarrak, eta hala islatu zen markagailuan.