Asier Sagasti judoka, Iruñean azpitxapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 27a, 11:15
Espainiako Kopan lehen puntuak lortu ditu lasarteoriatarrak. Fermin Balda, Esteban Martinez eta Josu Olmos LOKEko judokak ere izan dira Iruñeako txapelketan. Gorka Aristegi entranaitzela pozik itzuli da, txapelketako maila "oso altua" izan delako

Maila altuko txapelketa izan da Iruñeako Espainiako Kopa, baina nota ona aterata itzuli dira etxera Lasarte-Oriako judokak. Denboraldiko lehen lehiaketa egin dute seniorrek, eta Gorka Aristegi entrenatzailea pozik da. Asier Sagastik zilarrezko domina kolkoratu du 100 kg azpiko kategorian. Fermin Balda, Esteban Martinez eta Josu Olmos ongi lehiatu ziren, baina podiumeko postuetatik kanpo geratu ziren. 

"Judoka oso onak parte hartu dute. Madrilgo jende asko zegoen, Kataluniakoak, Nafarroakoak...", esan du Aristegi entrenatzaileak. Bi borroka irabazita, finalean sartu zen Sagasti, baina ezin izan zuen Francisco Jose Molina madrildarra garaitu. 

Olmosek normalean 60 kg azpiko kategorian lehiatzen du, baina  66 kg-koan parte hartu zuen Iruñean. "Eta asko nabaritu du pisu aldaketa", esan du Aristegik. Lehen borroka galdu, eta ez zuen aukerarik izan jarraitzeko. Baldak lehen norgehiagoka irabazi zuen 90kg azpiko kategorian, baina final lauredenetatik kanporatu zuten. Martinez 81 kg azpikoan lehiatu zen, baina lehenengo borroka galdu ondoren, ez zuen aurrera egiterik lortu berraukeran. 

Edonola ere, denboraldia hasi besterik ez da egin. Azaroaren 11n juniorren superkopa jokatuko dute Amurrion.