Txirrindulariek gogotik eragin diete pedalei Aste Santuan zehar ere. Junior, kadete eta txirrindularitza egokitukoek, adibidez, Espainiako pista txapelketan aritu ziren lehengo astean, Tafallan.
Lasarte-Oriak ere izan zuen ordezkaririk txapelketa horretan. Buruntzazpi taldean aritzen den Asier Pozo kadeteak hartu zuen parte, eta ederki aritu zen. Euskadiko selekzioko kideetako bat izan zen, Unai Atutxa, Iñaki Diaz, Ekain Jimenez eta Jaime Romerorekin batera. Persekuzio proban zilarrezko domina kolkoratu zuen taldeak.
Indibidualki ere ederki aritu zen Pozo. 'Scratch' proban hirugarren denbora onena eginda, brontzezko domina kolkoratu zuen. Bestalde, 'Keirin' delakoan zazpigarren izan zen.
Iñigo Altuna, urratsez urrats
Apiril hasieran 165 kilometroko ibilbidea duen Balentziaga oroimenezkoa jokatu zuen Jirabira talde afizionatuko txirrindulari Iñigo Altunak. Lehenengo urtea du herritarrak kategoria horretan.