Arratsalde borobila Intzako pilotarientzat

Iñigo Gonzalez Sarobe 2017ko ots. 11a, 20:50
Bi norgehiagoka, eta beste hainbeste garaipen: ezin gehiago eskatu. Borobila izan da arratsaldea Intza KEko pilotari seniorrentzat. Euskal Herriko Kluben Ligan 22-1 irabazi dio Txukun Lakuari; Udaberri Txapelketan, berriz, 22-20 mendean hartu Izurun.

Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola aise nagusitu dira gaur arratsaldean Txukun Lakuako bikotearen aurka jokatutako neurketan. Hasiera-hasieratik nagusitu dira Michelingo frontoian, eta ez diete arerioei aukerarik eman.

Konturatzerako, herritarrak 9-0 aurreratu dira markagailuan. Artetxeren sake zitalak, Txukun Lakuakoek ahal bezala erantzun dituzten pilotakadak tanto bihurtu aurreko koadroetan, eta, behar izan denean, Mikel Elolaren nagusitasuna atzean. Hiru osagai hoiek erabili dituzte Intzako pilotariek aurkariak mendean hartzeko. 9-1ekoa anekdota hutsa izan da. Hortik aurrera ere, mailua berriro: hurrengo hamahiru tantoak herreskan egin dituzte herritarrek, Euskal Herriko Kluben Ligako bigarren garaipena poltsikoratzeko. Bigarrena jarraian, aurreko asteburuan 10-22 irabazi baitzioten Paz Zigandari. Datorren astean Amurrioren aurka ariko da Intza. 

Udaberrikoan ere Intza garaile

EHLko neurketa baino lehenago, Xabi Arteagak eta Aritz Solanok landutako garaipena eskuratu dute Udaberriko txapelketan. Gogotsu ospatu dute garaipena herritarrek, eta Arteagak batez ere: hiru urte eta gero, kantxetara itzuli baita gaur arratsaldean. 

Indartsu ekin dio norgehiagokari Intzak: 6-0 aurreratu da. Sake indartsuak egiten hasi da Arteagak, eta lanak izan ditu Izurun taldeko atzelari Iribarrek horiek erantzuteko. Seitik bost ezin izan ditu altxa. Solanok gora botatako pilotakada baten ostean, arnas pixka bat hartu du Izurunek, eta 6-3 hurbildu da. Aldea lauzpabost tantokoa izan da 11-5ekora arte: arazoak sortzen jarraitu dute Arteagaren sakeek. Tanto on batzuk ere egin ditu, eta Solanoren laguntza izan du atzeko koadroetan.

Partiduak bideratuta zirudien, baina ederki erreakzionatu dute Fernandezek eta Iribarrek, eta baita markagailua irauli ere: 11-12. Izurun taldeko aurrelaria aritu da fin, batez ere: tanto ederrak egin ditu pilotak txokoak goxo utzita. Dena den, segidan partzial negatiboa hautsi du Solanok, pilota zabalean utzita eta aurkariak engainatuz. Atsedenaldia hartu dute orduan bi bikoteek. Indartsuago kantxaratu dira herritarrak, eta 18-13 aurreratu dira, baina Izurunek ez du amore eman, eta tanto bakarrera gerturatu dira: 19-18. Dena jokoan zegoenean eman dute euren onena Solanok eta Arteagak, eta etxean utzi dituzte puntuak: azkenean, 22-20, eta merezitako garaipena. Hiru neurketa irabazi eta bi galdu dituzte orain arte Udaberrikoan.

Arteaga eta Erasunen porrota

Asteburua are borobilagoa izan zitekeen herriko pilotarentzat, baina tamalez Arteaga eta Erasunek ezin izan zuten promozioko binakakoko bosgarren jardunaldian garaipena eskuratu. 22-11 galdu zuten Elordi eta Erostarberen kontra. Hiru garaipen eta bi porrot bildu dituzte herritarrak eta zizurkildarrak. Bi jardunaldi besterik ez dira falta ligaxka amaitzeko.