Arnasa hartu du Erregional Preferenteak

Txintxarri Aldizkaria 2017ko aza. 14a, 17:18

Uzta oparo zein eskasak jaso dituzte Ostadar SKTren futbol taldeek asteburuan. Nabarmentzekoa Erregional Preferenteak Urnietaren aurka erdietsitako garaipena: 1-3. Arnasa hartu dute, eta sailkapenean gora egiteko lehian sartu dira, bete-betean

Azaroan gaude, eta finalez hitz egiten hasteko goiz da oraindik, baina Erregional Preferenteak asteburuan jokatu duen neurketaren garrantzia ez da txikiagoa. Sailkapenaren zuloan sartuta daude Asier Aizpurua eta Ander Rekondoren mutilak, eta maila galtzeko arriskua uxatu nahi badute, hirunaka pilatu behar dituzte puntuak. Hainbat jardunaldi eta gero, sari potoloa eskuratu dute, Urnietari 1-3 irabazita.

Baikorrenak ere ez luke imajinatuko horrelako hasierarik. Lehenengo 15 minutuetan 0-2 aurreratu ziren urdin-beltzak, Andoni Diez eta Ivan Ruizen golei esker. Oso serio zelairatu zen Ostadar: joko zuzenaren aldeko apustua egin zuen, eta aldaratze guztiak hartu. Oso goian presionatu zuten, eta baloi bat baino gehiago lapurtu. Urnieta oraindik aldagelan zegoela zirudien. 
Lehenengo zatiaren gidoia pixkanaka aldatuz joan zen, ordea. Urnieta gero eta arrisku gehiagorekin iristen hasi zen Iñigo Otaegiren ate ingurura, eta ezker hegaletik egindako erdiraketa bat ederki sareratu zuen etxeko taldeko aurrelariak. Sufritu egin behar izan zuen, baina 1-2 irabazten joan zen Ostadar atsedenaldira.

Partida erabakita uztera irten ziren lasarteoriatarrak bigarren zatira, eta lortu zuten, Iker Artetxek area kanpotik sartutako gol ikusgarriari esker. Iker Herrerak luze jokatu zuen Artetxerekin; honek ikusi zuen aurreratuta zegoela atezaina, eta buruz errematatu zuen, area kanpotik, baloia loratu eta 1-3koa sartzeko. Partidaren hondarrean Otaegi kanporatu bazuten ere, Ostadarrek aldeari eutsi zion eta urrezko hiru puntu zakuratu zituen. Zazpi ditu orain.

Helburua, kirolaz gozatzea 

Urtetik urtera talde gehiago ateratzen ditu Ostadarrek. Lortu du emakumezkoen harrobiko talde bat sortzea, infantil mailako F-8 ligan. Kirolaz gozatzea eta ikastea dute xede jokalari gazteek. Lortu dituzte emaitza hobeak eta okerragoak, baina nabaritzen da jardunaldiz jardunaldi hobera doala taldea.