Areto futboleko herriko taldeek galdu egin dute etxez kanpo

Txintxarri Aldizkaria 2017ko ira. 29a, 12:30

Ventanas Isu Leihoak izan da garaipena eskuratu duen talde bakarra: 3-2 gailendu da azken unean, etxean

Denboraldia hasi dute Lasarte-Oriako areto futbol talde ia guztiek (neskek eta azpiko kategoriakoek urrian hasiko dute). Senior mutilen hiru taldeek jokatu zuten denboraldiko lehen partida ofiziala: Eguzki-Carpinterias Antonios taldeak liga hasi zuen, Estatuko Hirugarren Mailan, baina ezin izan zuen emaitza positiborik atera Basauritik; Soloarteren aurka 4-2 galdu zuten lasarteoriatarrek. Bestalde, Gipuzkoako Kopa hasi duten beste bi taldeek zapore gazi-gozoa utzi dute. Ventanas Isu 3-2 gailendu zitzaion Lauburu Ibarrari, herriko Maialen Chourraut kiroldegian. Ceicilia Frutedendak, ordea, kopan jarraitzeko aukera guztiak galdu zituen: 2-5 galdu zuen Ataunen. 

Partida zaila 

Partida zaila zuten Eguzki- Carpinteria Antoniokoek. Galtzen hasi ziren, eta bitan izan zuten partida berdintzeko aukera. Zorteak ez zien lagundu, eta azken zatian errenta handitu zuten etxekoek. Asteburu honetan atsedena dute.