Apirilaren 2an jokatuko da herriko 7. BTT proba

Txintxarri Aldizkaria 2017ko mar. 15a, 13:00
Hilabete baino gutxiago falta da Lasarte-Oriako BTT lasterketaren 7.ediziorako. Prestaketa lanetan ari dira antolatzaileak, eta izen-emate epea ere zabaldu dute: apirilaren 1a, larunbata izango da lasterketan apuntatzeko azken eguna.

Trabesia zaleek dagoeneko edukiko dute apirilaren 2a gorriz azpimarratuta euren egutegietan. Egun horretan jokatuko da Lasarte-Oriako BTT probaren 7. edizioa. 09:30ean hasiko da proba, Okendo plazatik. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, dagoeneko eman daiteke izena lasterketa horretan, bttlasarteoria.com webgunean.   Martxoaren 30era arte izena ematen dutenek 15 euro ordaindu beharko dituzte; martxoaren 31tik apirilaren 1era bitartean, berriz, 18. Eta, txirrindularitza lizentzia federatiboa indarrean ez dutenek, hiru euro gehiago ordaindu beharko dituzte asegurua edukitzeko.

Internet bidez apuntatzeko epea lasterketa bezperan itxiko da; hau da, apirilaren 1ean, larunbatarekin, 16:00etan. Egun horretako arratsaldean, 17:00etatik hasita eta 20:00etara, Urbil merkatal zentroan ere egongo da aukera lasterketan izena emateko, esan bezala, 18 euroren truke.

Bi ibilbide Andatzan zehar

BTT proban parte hartu nahi dutenek bi ibilbide edukiko dituzte aukeran; Andatza mendian barrena egingo dira biak. 28 kilometro luze izango ditu motzak, 620 metroko desnibel positibo metatuarekin, eta 38 luzeak (1.100 metroko desnibela). Antolatzaileek espero dute 500 parte-hartzaile baino gehiago biltzea apirileko lehen igandean.

Lasterketan izena ematen duten guztiek oparia jasoko dute: probaren babesle den BMW Lurautok botilatxo bat eta oinetakoak garraiatzeko poltsa bana emango die guztiei. 

Bestalde, BTTa jokatuko dutenek anoa ugari edukiko dituzte bi ibilbideetan zehar, elikagai solido zein edarien bitartez indarrak berritzeko. Eta, proba bukatu eta gero, hamaiketako goxo bat ere edukiko dute zain Okendo plazan. 

Bizikletak plazan bertan garbitu ahalko dituzte baita ere, mangera bat baino gehiago jarriko dituztelako antolatzaileek helmuga-lerrotik gertu. Eta, azkenik, hala nahi dutenek, Maialen Chourraut Udal Kiroldegian dutxatu eta aldatu ahalko dira arropaz.