Antiguokora, "erronka berri baten bila"

Adrian Garcia 2018ko ira. 22a, 11:00
Iñigo Jakak eta Ander Pecharromanek Hirugarren Mailan lehiatuko dute aurten ere, baina Antiguoko taldean, Eguzkik ez du taldea aterako eta. Talde berrira egokitzeko prozesuan daude. Entrenatzailea, taldekideak eta jokatzeko sistema berria dute

Hastear da areto futboleko denboraldia ofizialki. Zaletasun  handia du kirol horrek Lasarte-Orian, talde eta zale ugari baitaude. Baina tamalez, ikasturte honetan ez da talderik egongo Espainiako ligan. Haatik, izango dira herriko jokalariak, hain zuzen Hirugarren Mailan: Iñigo Jaka eta Ander Pecharroman Antiguoko Futsalen arituko dira. Denboraldi-aurrea egin dute, eta hainbat lagunarteko jokatu. Talde berrian tokia egitea da haien helburua, sistema berrira pixkanaka moldatzea. "Esperientzia berri bat da, erronka polit bat". 

Hirugarren maila ongi ezagutzen dute biek. Azken urteetan kategoria horretan jokatu dute Antonio Aroztegia Eguzki taldearekin. Aurten, ordea, taldea desegin da. "Gehienbat jokalarien konpromiso garbi baten falta zegoen. Beterano batzuk utzi egin behar zuten, eta gazteek ez zuten konprometitu nahi izan", dio Jakak. Izan ere, Hirugarren Maila kategoria gogorra da, bidaia asko egin behar baitituzte jokalariek. Azken bi urtean kostata eutsi diote mailari. "Maila horretan behar da zerbait gehiago. Lanetik atera eta entrenatzera joan, eta zortzi pertsona bakarrik topatzea etsigarria da. Zerbait berria probatu nahi nuen", azaldu du Pecharromanek. 

"Aldaketa handia"

Denboraldian bete-betean sartuta daude bi jokalariak. "Aldaketa handia da: entrenatzailea, jokatzeko sistema, exijentzia... Besta maila batean gaude". Antiguokoren sistema dinamikoagoa da. "Une oro posizioak aldatzen doaz. Hemen estatikoago jokatzen genuen". 

Pecharromanek ere nabaritu du aldaketa. "Lagunartekoak Bigarren Mailako taldeen aurka jokatu ditugu. Niri gustatzen zait exijentzia maila altu hori". Talde berrian Lasarte-Oriako aurrelariak ez du goleatzaile sena galdu: hiru gol sartu ditu denboraldi-aurrean. Antiguoko areto futbolaren helburua da sailkapeneko goiko zatian egotea, eta aukerak badituzte, Bigarren Mailara igotzea.

Badakite orain zailagoa izango dutela minutu asko jokatzea. "Taldea egina dute, eta soilik hiru gara berriak, gu biok eta beste bat. Orain irabazi beharko dira mintutuak", dio Jakak. 

Asteburu honetan izango dute  lehenengo suzko proba. Kopan jokatuko dute Makax CD 25 Urte taldearen aurka. Ligako estreinua, berriz, Gasteizen izango dute, hurrengo asteburuan.