Ander Bardaji: "Lesioa pena izan arren, asko gozatu dut aurten"

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 8a, 11:46
Minutu bila atera zen iaz Realetik, baina lesio batek joko zelaietatik urrundu du lasarteoriatarra. Sasoain dago, eta hurrengo denboraldian Lehen Mailan postua irabazteko lehian sartuko da

Ongi ospatu du Ander Bardajik (Lasarte-Oria, 1995) Lehenengo Mailarako igoera. "Bizitzan behin gertatzen dira gauza hauek". Ez du zorte handirik izan aurten atezainak,  denboraldi hasieran sorbaldako lesio batek urrundu baitzuen joko zelaietatik, baina erabat osatuta dago egun. Oporraldi batzuk hartuko ditu orain,  sanpedroetarako herrira itzultzeko, "lagunekin ondo ospatzeko". Realean zegoenean ez zuen aukerarik eduki goi mailan debuta egiteko, baina gogotsu dago hurrengo urtean helburua betetzeko. 

Zer moduz joan dira ospakizunak? Lehen aldiz igo da Huesca Lehen Mailara. 
Oso berezia izan da, historikoa. Ondo ospatu genuen. Hasieran Lugon, igotzea lortu genuenean. Gero Huescan, zaleekin eta erakunde publikoek antolatutako ekintzetan. Egun arraroak izan dira, burbuila batean bezala egon gara, asimilatu gabe zer lortu dugun. 

Familian baduzu futbolerako tradizioa. Zure aitaren bi osabak jokatu zuten Lehen Mailan. 
Futbolean ez nintzen hasi familia tradizioagatik. Lagunekin jokatzen nuen, eta segituan deitu zidan Realak. Batzuk esaten dute ezaguna egiten zaiela nire abizena, eta ezagutzen zituztela nire aitaren osabak. Zorionez, jarraitu ahal izan dut familiako hari horri tiraka. 

Futbolean hasi aurretik beste kiroletan aritu zinen. 
Ia kirol guztiak egin ditut. Tenisean hasi nintzen, baita pilotan ere. Futbolean alebinetan hasi nintzen, Ostadarren. Orduan Eskola Kirola ez zen futbola bakarrik. Atletismoa, eskubaloia eta beste hainbat kirol egin ditut. Orain ere ez dut futbola bakarrik egiten. Lagunekin frontoira joaten gara, squashean ere aritzen naiz... 

Hurrengo denboraldian izango duzu aukera Lehen Mailan debuta egiteko. Realean ere egon zinen jokatzeko zorian.  
Izan nituen aukera bat baino gehiago. 25 partidatan sartu nintzen deialdian. Berotzera atera nintzen batzuetan, kolpeak zirela eta. Azkenean ez zen suertatu atezaina aldatzea. Beste batean [Geronimo] Rulliri zigorra ezarri zioten, eta jokatzeko aukera izan nuen. Azkenean ez nuen zorterik izan. Zutoinera baloi asko, baina golik ez. 

Huescara joan zinen minutu bila, baina urrian min hartu zenuen. Zer moduz duzu sorbalda orain?  
Osatuta nago. Denboraldi hasieran min hartu nuen, luzerako gainera. Esan zidaten gogorra eta luzea izango zela, baina ondo osatu naiz. Azkeneko hilabeteak taldearekin normal entrenatu dut. Hori zen nire helburua; ongi bukatzea denboraldia datorrena ondo hasteko. Sasoia berriro hartzea kosta egiten da, gainera. Hasieran erritmo faltarekin ikusten zara. Baina sasoi betean nago orain. 

Azkeneko deialdietan sartu zara behintzat. 
Bai, baina ez dut jokatzeko aukerarik izan. Urtea joan den bezala ikusita, deialditan sartzea pozgarria izan da. 

Jokatu ez arren, taldeko kide zara. Zurea bezala sentitu duzu igoera, ezta? 
Bai, bai. Beti sentitu naiz bat gehiago taldean. Lehenengo egunetik azkeneraino aintzat hartu naute denek, beste guztiak bezala. Minutu gehiago edo gutxiago izateak ez du esan nahi taldearen parte ez zarenik. Kluba denok osatzen dugu. Alde horretatik, asko gozatu dut aurten. Lesioa pena izan da, baina oso polita izan da taldea ongi doala ikustea, astebururo irabaztea eta sailkapenean goran ikustea. 

Huesca Bigarren Mailan aurrekontu txikienetarikoa duen taldea da. Harritu egin al zarete hor goian ikusteaz?  
Iaz seigarren bukatu zuten, eta igoerako kanporaketa jokatu. Aurten oinarri sendo bat zegoen, eta taldea dinamika on batean sartu da. Zaila ikusten zen iazkoa errepikatzea eta gainditzea. Baina gauzak ongi egitean konfiantza lortu eta zure aukeretan sinesten duzu. Talde ona dugu. Gure artean ere giroa ona da. Klubak gauzak ondo egiten ditu. 

Kontratua duzu Huescarekin. Hurrengo urteari begira zein da zure helburua? Aukerak ikusten dituzu jokatzeko?  
Oraindik gauzak erabakitzeko daude. Bi atezain utziak zeuden iaz, eta ni fitxatuta. Ikusteko dago zer gertatuko den. Ez dakit Athleticek [Alejandro] Remiro berreskuratuko duen, ez dakit [Roberto] Santamariari kontratua berrituko dioten. Orain gauzak airean daude. Oporrez gozatzeko unea da orain, iritsiko da horiei buruz hitz egitekoa. 

Entrenatzaile berriak ere eragingo du, ezta? Nolakoa da Leo Franco? 
Huescan zuzendari bezala egon da Leo. Taldean ere jokatu izan du. Atezainekin gertutasun handia du; entrenatzen geundenean gugana hurbiltzen zen. Atezaina izandakoa da, eta beti zaindu gaitu ondo. Entrenatzaile bezala ez dakit nolakoa den, baina seguru prestatuta dagoela. 

Nola ikusten duzu taldea hurrengo urterako? Hiri txikia da Huesca, baina badaude beste eredu batzuk mailan egonkortu direnak
Eibar da gertukoena. Iaz igo ziren hiru taldeak ere ez dira jaitsi. Gauzak ongi kudeatuta eta fedearekin, mailari eutsi diezaiokegu. Egia da indartsuenekin ezin garela alderatu, baina talde asko daude lehian; gu borroka horretan sartuko gara.