Aldarria harri, ametsa errealitate

IƱigo Gonzalez Sarobe 2018ko aza. 18a, 22:02
Urtetako aldarria harri bilakatu da. Pilotaleku estalia dauka Zabaletak. Hamaika ekintza eginez inauguratu dute, asteburuan; Iraia Iparragirre auzotarrak eta Realeko futbolariak egin du ohorezko sakea. Iluntzera arte luzatu da jaia, Larrian Gozoren erromeriarekin

Zabaletako auzotarrek ametsetan behin baino gehiagotan entzun dituzten pilota hotsak egiazko bilakatu ziren pasa den igandean.Gogotik ospatu zuten, hamaika ekintza antolatuz. Egun osoko festa izan zen. Mende laurdeneko partida jokatu dute aldarria harri bihurtzeko, eta irabazi egin dute: frontoi estalia dauka, behingoz, auzoak. 2017 amaieran hasi zituen lanak udalak. 775.000 euroko kostua izan dute obrek.

Ezin zuen bestela izan: pilota partidak izan ziren egitarauko protagonista nagusiak. Gazteak aritu ziren aurrena; gorriek irabazi zuten, 18-17. Ondoren, emakumeen txanda. Ane Arteaga herritarrak eta Miren Arrillaga zubietarrak 22-20 irabazi zioten Azpeitiatik etorritako bikoteari. Azkenik, Jon Pello Artetxe eta Mikel Elolak osatutako bikoteak ederki estreinatu zuten frontoi berria, Julen Alberdi eta Iñigo Bikuñari 18-22 irabazita. 

Zabaletara goizeko hamarrak aldera igoz gero, zirudien XX. mende hasiera zela: Belle èpoque garaian girotutako jantziak soinean, auzotar ugari animatu ziren desfilean parte hartzera. Baserritarrez jantzi dira beste asko. Auzoan barrena ibili dira, eta pilotaleku berrira joan dira gero: txalapartarekin zain zituzten Juan Luis Ieregi eta Pontxo Morales. Talde argazki erraldoia atera, eta parodiatxoa eskaini zuten. Gazteek jokatu eta gero, Iraia Iparragirre futbolariak egin zuen ohorezko sakea. Neurketak bukatzean, babarrun jana egin zuten. Arratsaldean, digestioa behar bezala egiteko, dantzan aritu ziren, Larrian Gozo taldeak eskainitako erromerian. 

Aldarrikapen historikoa

1986. urtean sortu zen Lasarte-Oriako udalerria. Auzotarrek garai horretan aipatu zuten aurrenekoz erabilera anitzeko instalazio estali baten beharra. Orduan hasi zuten bidea. Orduan egin zuten nahi baino urte gehiago iraun dituen partidaren sakea. Tanto luzea jokatu dute.

Pilotalekua egiteko beharra aipatu eta ondorengo urteak errusiar mendi baten antzekoak izan ziren. Auzotarrek bere egin zuten aldarrikapena, eta gero eta ozenago entzuten zen: 500 sinadura bildu zituzten 90. hamarkada erdialdean, parodia eginez eskatu frontoia inauterietan, Zabaletan pilotariak BAI, baina frontoirik EZ afixa erakutsi 2002ko herriarteko txapelketako finalean... Bien bitartean, udalak ezetz erantzun zien 2000. urteko aurrekontuetan pilotalekuaren proiektua sartzeari.

Igandean inauguratu zuten frontoiaren proiektua 2007an egin zuten. Udalak esan zuen hurrengo urtean hasiko zirela lanak, baina krisi ekonomikoak standby egoeran utzi zituen pilotalekua eta auzoa urbanizatzeko plana, 2016. urte hasierara arte. Higiezinen sektorea suspertzen hasi zen, eta ilusionatu egin ziren auzotarrak berriro. Azkenean 2017. urte amaieran jarri ziren martxan makinak, auzotarrek nahi baino beranduago ziur asko, baina ez beranduegi. Pasa den igandean inauguratu zuten gunea. Pilotan jokatu daiteke behingoz Zabaletan.

Helburu historiko bat bete dute auzotarrek, eta hurrengoaren bila doaz: bilerak egiteko gune bat nahi eta behar dute. Kemena eta ilusioa behintzat ez zaizkie falta.

Argazki galeria

Bideoteka