Alavesen jokatuko du Aritz Bordak datorren denboraldian

Txintxarri Aldizkaria 2015ko uzt. 14a, 14:09
Hainbat urte kanpoan aritu ostean, Euskal Herrira bueltatuko da 30 urteko jokalari lasarteoriatarra. Gasteizera, zehatzago esanda: urtebeteko kontratua sinatu du Alavesekin. Errumaniako Rapid Bucarest taldean aritu da Borda azken hilabeteotan.

Realeko harrobian hainbat urtez aritu ostean, Irungo Real Unionera joan zen 2007. urtean. Denboraldi bat pasa zuen bertan eta Bilbao Athletic taldeak fitxatu zuen 2008-2009 denboraldira begira. Bi urtez aritu zen Bilbon, eta Burgosera joan zen ondoren, Mirandes taldera. Ordura arte 2.B mailan jokatu zuen gehienbat. 2011-2012 denboraldian debutatu zuen 2. mailan, Huelvako Recreativorekin fitxatu ostean. Hurrengo urtean are jauzi nabarmenagoa eman zuen, Txapeldunen Ligan aritu baitzen Zipreko Apoel FC taldearekin. Tailandiako Muanthong United-en eman zituen hilabete batzuk talderik gabe geratu eta Errumaniako Rapid Bucarest-era joan aurretik.

Bigarren mailan ariko da berriro ere Borda datorren urtean. Kolore zuri-urdinak jantziko ditu berriro ere Alavesen, Realeko harrobian eta Huelvako Recreativon egin bezala.