Akatsak errepikatuz, ezin puntuak lortu

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 20a, 12:45
Hirugarren Nazionaleko taldeak ezin izan zuen Laskorain garaitu. Ez da jardunaldi emankorra izan; Cecilia Frutadendak soilik irabazi du. Kopan, ordea, Ventanas ISU Leihoak eta Eguzkik aurrera egin dute. Neskek asteburu honetan hasiko dute liga

Larunbatean, Eguzki Antonio Aroztegia taldeak Tolosako Laskorain izan zuen aurrez aurre Maialen Chourraut kiroldegian. Aurreko jardunaldietako akatsak errepikatu zituen Kaluk eta Menak zuzendutako taldeak, eta hiru puntuek ihes egin zuten. 

Lehenengo zatian, etxeko taldeak ez zion Laskorainek ezarritako presioari aurre egiten jakin. Ondorioz, arerioaren atera behin bakarrik hurbildu zen baloia. Laskorainek aldiz, jokaldi ederra eginez 0-1ekoa jarri zuen markagailuan. Atsedenaldira iritsi baino lehen, Eguzki Antonio Aroztegia taldeko mutilek ezin izan zuten Laskorainen presioa gainditu.
Bigarren zatian, etxeko taldeak presio lerroa aurreratu zuen. Berdinketa gertu zegoela zirudien, baina baloia urruntzean egindako akats batez baliatuz, tolosarrek bigarrenez baloia atean sartu zuten. Partidari buelta eman nahian, atezaina jokalari lanetan jarri zuten Kaluk eta Menak. Tamalez, partida amaitzeko hiru minutu falta zirela, behin betiko 0-3koa egin zuen Tolosako taldeak.

Garaipen bakarra

Gipuzkoa Mailako taldei dagokionez, bigarren mailako taldeak soilik lortu zituen hiru puntuak.

Cecilia Frutadenda taldeak 5 eta 2 garaitu zuen Miren Taberna taldea etxean jokatutako partidan.

Lehenengo mailako Ventanas ISU Leihoak taldeak, berriz, Idiazabal Bai Reformas taldearen aurka 7-5 galdu zuen. Jubenilek gutxigatik ezin izan zuten Intxaurrondoko Inter garaitu, 4-5. Kadete mailako gaztetxoek ere jokoan zeuden puntuak galdu zituzten, Herrikideren auka (4-10).

Kopa

Horrez gain, Ventanas ISU Leihoak eta Eguzki Antonio Aroztegia taldeak Gipuzkoako Kopa lehiatzen dute. Liga eta kopa uztartzen ari dira bi taldeak; liga jardunaldiak asteburuetan eta kopa kanporaketak astean zehar. Nahiz eta ligan gorabeherak izan, kopan ez dute hutsik egin.

Aurreko astean, Eguzkik Euskalduna Andoaindarraren aurka bina berdindu eta penaltietan lortu zuen hurrengo kanporaketarako txartela (2-3). 

Eneko Molinaren Ventanas ISU Leihoak taldeak Ataun Troskaeta izan zuen aurrez aurre eta 3-4 gailendu zen Lasarte-Oriako taldea. Horrela, final laurdenetako partidak jokatuko dituzte Lasarte-Oriako bi taldek.

Neskak, lehiatzeko prest

Baina bada lehiatzen hasi ez den talde bat ere, Trumoi taberna -Eguzki nesken seniorra.

Aurten sortutako taldea da, eta aurredenboraldian partida bakarra jokatu du, 5-1 galduta.

Bihar, 15:00etan, jokatuko du lehen partida Idiazabal Bai Reformas taldearen aurka.