Aitor Manso: "Erdi mailako auto batekin aurrean nago"

Adrian Garcia 2019ko urt. 19a, 10:00
Goi mailan lehen denboraldi txukuna osatu du Lasarte-Oriako gazteak. Aurten urrats bat egin nahi du aurrera; Gaztela Leongo txapelketa irabazteko lehian sartu nahi du

Automobilismoan beti ez du onenak irabazten. Askotan emaitzak autoaren araberakoak dira, pilotuaren trebeziak zeresan handia duen arren. Horregatik du meritu handia Aitor Mansok (Lasarte-Oria, 2000) lortutakoa. Lehen denboraldia bete du kartingeko goi mailan. Azken lauzpabost urteetan Euskal Herrian lehiatu du, eta ez du areriorik izan. Lasterketa onak egin ditu goi mailako estreinaldian, eta etorkizunera begira erronkak jarri dizkio bere buruari: Espainiako txapelketan lehiatu nahi du. Otsailaren azken asteburuan hasiko du denboraldia. 

Zer moduz joan da denboraldia?

Oso ondo joan da, benetan. Kategoria berria izan da niretzat. Denetan altuena da, eta lehenengo urtea izateko oso ondo ibili naiz. Kartingean Espainian ez dago maila altuagoan lehiatzerik.  

Zenbat lasterketa egin dituzu? 

Madrilgo txapelketa ere lehiatu dut. Sei lasterketa egin ditut Gaztela eta Leonen, eta bi edo hiru Madrilen. Han hirugarren eta laugarren egin nuen. Gaztela Leonen, berriz, hirugarren eta bigarren egin dut. 

Zer gertatzen da Euskal Herrian? Ez al dago lasterketarik? 

2018an ez da egon txapelketarik. Azken bost urteetan egon da, eta bostetan irabazi dut. Ez dago fundamentuzko zirkuiturik. Villarcayon, Burgosen, egiten zen Euskadiko txapelketa. Nik hara joan behar dut entrenatzen dudan bakoitzean. Bi ordu baino gehiagoko bidaia da. Atoiarekin  joan beharra dago, karta eramateko.

Olaberriako zirkuituari zer gertatzen zaio? 

Ez dago baldintza onean. Asfaltatu beharra dago, zulo asko ditu, eta karta oso baxua denez, hondatu egin daiteke. Lurra ukitzen dago denbora osoan. 

Zuek ba al duzue babeslerik? 

Bilatzen hasi gara, baina oraingoz ez dugu ezer lortu. 

Entrenatzailerik ba al duzu? Nork laguntzen zaitu?

Ez dut entrenatzailerik, nire kabuz entrenatzen dut. Aitak laguntzen dit. Pilotu gehienek mekanikoak dituzte, baina nik nire aita eramaten dut; mekanikoa da bera. 

Nola sartu zinen automobilismoan? Ez da ohiko kirol bat gaztetxo batentzako, egia esan. 

Nire aitak kart txiki bat erosi zidan, larunbatetan buelta bat emateko. Zortzi urte-edo izango nituen. Gero jaunartzean lehengusuak ekipamendu osoa oparitu zidan: kaskoa, jantzia, eskularruak... dena. Horrela hasi nintzen. Hasieran alokairuko kartekin lehiatu nuen, nirea propioa izan arte. Pixkanaka hasi nintzen mundu horretan sartzen. 

Familian gustukoa al dute motorraren mundua? Haiei esker sartu zinela esan daiteke, ezta? 

Bai, nire lehengusua zirkuitoetan ibiltzen da. Nik esan nienean mundu horretan sartu nahi nuela ez zidaten arazorik jarri, kontrakoa. Oso gustura hartu zuten. Nire aita mekanikoa da, eta pozik hartu zuen nire erabakia. Asko babestu didate. Beste lehengusina bat badut ere, trial egiten du; Espainiako txapelduna da. Motorrak asko gustatzen zaizkie familian. 

Nola entrenatzen zara? Pilotuak kirolari osoak izan ohi dira. Autoz aparte egiten al duzu beste kirolik? 

Gimnasioa egiten dut. Kategoria hau zaila da, eta besoak eta lepoa asko kargatzen dira lasterketetan. Denbora guztian tentsioan zaude. Ez dira oso luzeak lasterketak, 25 minutu ingurukoak, baina bi txanda jokatzen dira. Goizean entrenamenduak egoten dira, autoa berotzeko eta pista ezagutzeko. Gero entrenamendu kronometratuak daude. Horien arabera erabakiko dira irteerako posizioak. Eta gero bi lasterketa egiten dira. Azken finean, egun osoan zaude ibiltzen, eta gorputzak sufritu egiten du. 

Horrez gain, zer landu behar du pilotu batek? Zertan izan behar du ona? 

Kontzentrazioa da kart pilotu baten ezaugarririk garrantzitsuena, nire ustez. Denbora osoan kontzentratuta egon behar zara. Dena egin behar duzu ongi, hutsegite bat egiten baduzu, aurreratu egiten zaituzte. 

Zein da zure lehiatzeko era?

Aurreratzeko orduan erasokorra izaten naiz. Baina agian nire ezaugarri nabarmenena da oso konstantea naizela, alegia, itzuli guztiak denbora berberean egiten ditudala. Markatzen dudan erritmoari eutsi egiten diot. Ez dut sekulako bira bat egiten, eta gero moteldu. 

Automobilismoan askotan desberdintasuna autoek eragiten dute. Kartingean ere gertatzen da?  

Bai. Motor ugari daude karting-ean. Dirua baduzu, beti egongo zara sailkapenaren goiko aldean. Lasterketetan guk gure autoa eramaten dugu atoian. Gero karpa muntatu behar dugu, eta beste gauza asko egin. Nik ezagutzen ditudan batzuk autoan iristen dira, haien kaskoa eta jantziekin. Lasterketa egin, eta itzuli egiten dira, beste ezertxo ere ez egin gabe. Aurrean egoteko dirua behar duzu. 

Nolakoa da zure autoa? Ona al da? 

Erdi mailakoa da, gutxi gorabehera. Ez dago onenen artean, baina ez da guztiz kaskarra. Zaragozan, Fuerako zirkuituan, 175 kilometro orduko hartu ditut gehienez. 

Pilotu ona zarela esan nahiko du horrek, ezta? 

Hori esaten didate, erdi mailako auto batekin aurrean egoten naizelako.