Aiako automobil igoera: debuta eta bi garaipen

Txintxarri Aldizkaria 2018ko eka. 9a, 12:00
Lasarte-Oriako pilotuak fin ibili dira joan den asteburuko proban. Pablo Mugak eta Iñaki Racamondek garaipena eskuratu dute haien kategoriatan. Mikel Kortajarenak bigarren egin du estreinaldian. Racamonde lehen postuan da sailkapen nagusian

Rally zaletasuna badago Lasarte-Orian. Hasiera batean irudi dezakeena baino gehiago behintzat. Mikel Kortajarena, Pablo Muga eta Iñaki Racamonden pasioa dira autoak, eta ahal duten guztietan kirol horrek eskaintzen dien adrenalinaz gozatzen dute. Joan den asteburuan Aiako igoeran parte hartu zuten, etxetik gertu. Ibilbidea ezaguna dute, nabaria da hori. Kortajarenak debuta egin zuen, bere multzoko bigarren denbora onena onduta. Mugak eta Racamondek garaikurra ekarri zuten etxera. 

Autoaren motorraren arabera ezartzen dira kategoriak. Klase 1ean lehiatzen dute Kortajarenak eta Racamondek. Citroen Saxo bat du lehenak, AX motakoa bigarrenak. Klase 2an lehiatzen du Mugak. Saxo bat erabiltzen du hark ere. "Baina nirea prestatuagoa dago, motorra ukituta". 

Lehen proban gustura ibili da Kortajarena, eta errepikatzeko irrikaz dago. "Izugarria da. Errepide guztia zuretzat da. Jende asko animatzen dago bazterretan. Oilo ipurdia jartzen zaizu atera bezain laster".

Hurrengo proba Jaizkibelekoa izango du, iraila amaieran. "Gauza batzuk erosi beharra dauzkat oraindik, arropak-eta utzi egin dizkidate oraingoan".  

Hurrena, Jaizkibelekoa
Beste biek eskarmentu handia dute lasterketetan. "18 urterekin, gidabaimena atera berritan ikustera joan nintzen Aiako igoera. Ordutik ez dut hutsik egin", esan du Mugak. Duela lau urte eman zuen pausoa, eta bolantea hartu eta lehiatzen hasi zen. 

Racamonde da beteranoena. Etxea garaikurrez betea du dagoeneko. "18 urte daramatzat lehiatzen. Ahal dudan guztietan laguntzen diet besteei". Aurten hiru lasterketa jokatu ditu, eta hirurak irabazi. Asteburu honetan beste txapelketa bat du, Bakion. "Euskal Herriko txapelketa irabaztea da helburua". 

Autoak bereziak dira. Horiekin ezin dute errepidean zirkulatu, matrikulatu gabeak daude eta, besteak beste. Bereziki prestatuak daude igoera eta rallyetarako. "Segurtasun barrak dauzkate, autoa ez iraultzeko. Arnesak dauzkate eserlekuetan, lehiaketako gurpilak, suspentsio bereziak...". 

Beraz, entrenatzeko aukera gutxi dute. Autoan hobekuntza bat egin badute, probatu ahal izateko zirkuitu batera joan beharra dute. Igoera baten aurretik ibilbidea ezagutzeko, kaleko autoarekin hurbiltzen dira oharrak hartzera. "Astean bertan joan behar gara. Asfaltoa ezagutzeko, zuloak non dauden jakiteko. Mantso ibili behar dugu, entrenatzeko ez baitute trafikoa ixten". 

Ez da zaletasun merkea, pilotu bakoitzak bere poltsikotik ordaindu behar baitu dena. "Nahi adina gastatu dezakezu. Guk auto merkeak dauzkagu. Istripua izanez gero... Garrantzitsuena  da ondo pasatzea eta autoa osorik ekartzea".