22 urteko hartu-emana, zuri-beltzetik kolorera

Txintxarri Aldizkaria 2017ko urr. 27a, 12:00
Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoiaren edizio guztietan izan da Txintxarri. Aitortza modura, 1 dortsalarekin egingo dute lasterka aldizkariko kazetariek igandean. Bi proiektuak batera hazi dira herrian; 22 urtez izan da aldizkaria krosaren bozgorailua

Lehenengo kilometrotik, azkeneko metrora arte. Lasarte-Oria Bai! Krosaren 22 aldi guztietan presente egon da Txintxarri, eta herri lasterketaren ingurukoak kontatu ditu bere orrietan. Irabazleei eta protagonistei elkarrizketak, argazkiak parte hartzaileei, kronikak lasterketaren barru-barrutik, bideoak, herritarren sailkapenak, haurren lasterketaren xehetasunak, informazio baliagarria... Ibilbide hori saritu nahi izan du Ostadar SKTk aurten, 1 zenbakidun dortsala aldizkariko langileen elastikoetan itsatsita. 

Txintxarri eta Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia elkarrekin hazi diren proiektuak dira. 22. urtea du aurten lasterketak; 25 egingo ditu herri aldizkariak hurrengo urtean. 

Elkarren beharrean

Urte horietan guztietan elkar elikatu dira bi egitasmoak, bata bestearen alboan. Krosaren bozgorailu izan da Txintxarri. Aldizkariarentzat, berriz, urteroko zita garrantzitsua  da lasterketa; korrikalariek beraiek baino arreta handiagoz dute kazetariek krosaren eguna markatuta egutegian. 

Krosarekin batera garatu da Txintxarri-ren proiektu komunikatiboa. Zuri-beltzetik kolorerako jauzia, eta hainbat euskarri aldaketaz jabetu daiteke lasterketaren albiste zaharrei erreparatuta. Halere, aldizkariaren funtsa ez du denborak aldatu: krosari buruz jakin nahi duenak Txintxarri bat hartu beharko du.